Artelanak zelan argiztatu aztertuko dabe Guggenheim Museoan
2021-06-04 08:11 KultureaEHUren Udako Ikastaroen barruko kurso hau bagilaren 17an eta 18an izango da.
Argiztapen bidezko diseinuaren nazinoarteko profesionalak, injineruak, fisikariak eta museoen kudeatzaileak batuko ditu Bilboko Guggenheim Museoak bagilaren 17an eta 18an, LED teknologia artelanen argiztapenean: erronkak, aukerak eta konponbideak izeneko ikastaroan. EHUk antolatzen dituan Udako Ikastaroen 2021eko programearen parte da.
Museoko erakusketa eta konserbazinorako zuzendari tekniko Daniel Vega da kursoaren zuzendaria eta hizlarietako bat. Euren jakintzea azalduko daben beste adituak honeek dira: Marc Ballbé, Oier Bengoetxea, Joaquín Campos, Eva Cardedal, Verónica Castillo, Cathy Jacob, Tobias Jonk, Miguel Ángel Lorite eta Ainhoa Sanz.
Museoetako edukiak eta, batez be, artelanak argiztatzeko orduan dagozan aukerak eta barrikuntzak jorratzea da ikastaroaren asmoa. Gehienbat, LED teknologiak dakarzan aurrerapenei begiratuko deutse, museoen eta ondarearen konserbazinoan eragin leikezen onurak gogoan.
LED argiztapenaren ezaugarri teknikoak eta aplikazinoak aztertuko ditue adituek, artelanen konserbazinoaren ikuspegitik. Horretarako, ikerlanak eta kasu praktikoak aurkeztu eta mahai-inguruen bidez jorratuko ditue. Teknologia horrek Bilboko Guggenheimen eta beste museo batzuetan izan dauen emoitzea aitatuko dabe.
2019tik erabilten dau LED teknologia Guggenheimek artelanak argiztatzeko. Museoko arduradunek azaldu dabe, LED erabilten hasi ziranetik aretoetako argiztapenaren kalidadea hobetu egin dala, eta energiaren konsumoa % 90 txikitu. Ganera, artelanen konserbazinoari mesede egiten deutso.
Ikastaroa Guggenheim Museoko entzungelan egingo dabe, modu presentzialean. Online segitzeko aukerea be emongo deutse interesa dabenei. Hizkuntza nagusia gaztelania izango da. Argibide gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!