Euskal Museoak egungo erakusketa iraunkorra erakutsiko dau azken aldiz
2021-06-04 08:28 KultureaAntonio Vaíllo eta Juan Luis Irigaray arkitektoen eskutik hasiko dira lanak.
Bilboko Euskal Museoak egungo erakusketa iraunkorra azken aldiz ikusteko aukerea eskainiko dau 2021eko bagilare 14ra, Museoan dagozan piezak kanpoko biltegira eroango baititue. Bagilaren 15etik aurrera, Antonio Vaíllo eta Juan Luis Irigaray arkitektoen eskutik osoko birmoldaketa lanak hasi arte, klaustroa besterik ezingo da ikusi eta bertan egongo da Bilboko erraldoiak eta buruhandiak erakusketea garagarrilaren 3tik aurrera.
Aukera honen bidez, jenteak barriro be, edo lehenengo aldiz, 50 urtetik gorako historia dauen erakusketa iraunkorra eta eraikina ikusi ahal izango ditu, obren ondoren aldatu egingo baitira. Museoak erabagi dau bagilaren 15etik obrak hasi arte Zeuk jarri prezioa sistemea ezartzea, bisitari bakotxak erabagi daian sarrera zenbat pagau. Museorako sartzeko Unamuno plazako 4. zenbakian dagoan atetik egingo da.
Bagilaren 15ean, 1. eta 3. pisuen artean dagozan erakusketa iraunkorreko aretoak publikoarentzako zarratu egingo dira, lan-taldeek bildumea Bilbotik kanpoko biltegira eroan ahal izateko. Orain aste gitxi batzuk inaugurau da kanpoko biltegi hori. Aitzindaria izango da bildumen kudeaketan: 50.000 pieza baino gehiago egongo dira, eta 1.150 m2 ditu ingurumen parametroen kontrolagaz, ehun eta obra grafikoarentzat erruberadun gordailu trinkoakaz, neurgailu elektronikoakaz eta sistema hidrofugoa dauen gela bat be badau.
Nahi dan azken helburua lortzeko pausu bat gehiago da, izan be, Euskal Museo berria gura dogu, erakusketa iraunkor barritua eta protokolo museistiko barrienek araututako museografia dituana.
Euskal Museo barrirako bidea
Barrikuntza museografikoa eta arkitektonikoa egiteko proiektua lantzen dabil erakundea azken urteetan eta zeregin handi horri esker, eguneratutako gunea izango da, 6.400 m2 baino gehiagoko azalera museistikoa, egungoa baino % 38 handiagoa.
Euskal Museoa pausuak ematen ibili da nazinoarteko izakera nabarmena dauen museoa eregiteko. 2016. eta 2018. urteen artean esku-hartzea egin eben Klaustroan, hau da, lurzorua barritzea, hain zuzen, aurrealdea garbitu eta beirazko estalki bat ezarri eraikinean integrauta, piezak hobeto konserbetako.
Urte horretan bertan 5 miloe euroko inbersinoa egin eben Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Kurtze eraikina erosteko. Eraikin hori egungo museoaren ondoan dago, Gurutze kalean, eta gune museistiko-kultural bihurtzea da asmoa. Gaur egun, orain aste gitxi inaugurautako kanpoko biltegia egokitu eta Museoko bildumearen zati handi bat han da, baldintza onenetan. 2020ko bagilean hasi ziran lan horreek eta hurrengo asteetan amaituko dira. Pieza horeetarako aparteko gunea da, hobeto eta modu abangoardistagoan kudeatzeko egokia eta, horren ondorioz, Zazpi Kaleetako eraikin nagusian leku gehiago izango da erabilera publikorako.
Bestalde, Bizkaiko erakundeak proiektu museografiko bat idatzi dauenez lehiaketearen aurretik, nahiz proiektua nahiz museo barria Aretx Bizia kontzeptuari eutsiz egingo dira.
Plan horren arabera, munduari edegitako gizarte-museoa izango da, birplanteamendu funtzionala eta museografikoa dau helburu eta hor sartzen dira eraikinaren birmoldaketea eta erakusketa-diskursoaren diseinu barria. Ondorioz, erakundeak diziplina anitzeko taldeak eskatu ditu proiektu hautagaiak jasoterakoan.
Aretx kontzeptua egungo bildumako Aretx-zarra piezeari egindako omenaldia da; Bizia berbea dinamismoari eta jarraipenari lotuta dago eta maila fonetikoan Bizkaiari eta Bilbori lotuta ere bai. Metafora honen bidez helarazi nahi da museoa, euskal gizartea eta kultura haritza bezain organismo biziak direla, eten barik hazten dagoala eta herritar danok zeresan handia dogula hazkunde-prozesu horretan. Euskal Museoaren helburu nagusia euskal kulturea zabaltzea da eta helburu hori gogoan dala urteko bisitari kopurua hirukoiztu egin nahi dau erakundeak, 2023ko ehungarren urtemugearen ospakizunak sustatu eta Urteko Europar Museoa (EMYA) saria eskuratu, ateak edegi ondoren. Lorpen horreetarako guztietarako arduradunetako batzuk Antonio Vaíllo eta Juan Luis Irigaray arkitektoak izango dira, eurek irabazi ebelako erakundeak antolatutako ideen programea. Lehiaketara 9 hautagai aurkeztu ziran eta 2020ko martian emon eban irabazlearen barri epaimahai profesionalak.
Eko-nekta da irabazi eban proposamenaren izena eta arreta berezia jarten dau Euskal Museoaren kokaguneko balioak sustatzean. Horretarako, aparteko garrantzia emongo jako jatorrizko eraikinari eta XVII. mendeko eraikinaren luzetarako hormarte jarraitua berreskuratuko da, 1867ko Miserikordiako Errege Etxearen planoetan ikus daitekeen legez. Aldi berean, Klaustroaren gune handiari duintasun handiagoa emoten deutso proiektuak, erakusketa-espazioaren benetako erdigune bihurtuz.
Bestalde, gune bakotxak erakusketako agertoki desbardinak hartzea gura da, narrazino-bukle bati jarraituz. Narrazinoa aldatu egingo da eta gune bakar batean hainbat kontakizun izango dira; horrek espektazio handiagoa eragiten dau bisitariarengan, gunea eta denporea eskutik doazela ikusiko dauelako, ez dala zeozer estatikoa, murgildu egiten dala eta alkarreragin egin leikela ikusten dauenez, topetako jarrera aktiboa hartuko dau bisitariak.
Gune bateko hainbat aldagai buztartu daitekez: argitasuna, soinua, proiekzioak... hainbat narrazino eskainiz; museografia honetan aldagaiak buztartu egiten dira eta bisitariak alkarreragin egiten dau, mobimentu-zelulen bidez zein osogarri interaktiboen bidez.
Gaur egun, Vaíllo eta Irigaray arkitektura-estudioko diziplina anitzeko taldea behin betiko proiektuari azken ukutuak emoten dabil, Euskal Museo barria egia bihurtzeko.
Alderdi arkitektonikoa eta museografikoaz gan, Museoak bide honetan emon dauen azken pausuetako bat laginketa arkitektonikoa izan da, izan be, eraikina presuntzino arkeologikoko eremuan dagoanez, beharrezkoa da hori egitea. Gainera, zeregin honen ardurea dauen talde arkeologikoa Museoan izango da obra osoan, jarraipen zehatza egin ahal izateko.
Bestalde, hurrengo hileotan obra arkitektonikoa eta museistikoa lehiaketan esleitzea aurreikusita dago.
Erakundearen birmoldaketea hasi eta instalazinoak publikoari edegi ezingo jakozan hileotan Euskal Museoa bizirik egongo da eta horretarako, zenbait jarduera egingo ditu beste gune batzuetan eta presentzia digitala indartuko dau, gaur egun dituan ataletan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!