Bermeoko Xixiliren preminazko azterketea egingo dau EHUk
2021-06-03 12:08 Kulturea1980tik ez jako eskultureari ezelako konponketarik egin.
EHUko Arte Eder Fakultadeak, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzeak eta Bermeoko Udalak hitzarmena sinatu dabe, Xixili lamiaren eskulturearen egoerea zehatz-mehatz aztertu eta berau ondo konserbetako zer egin behar dan erabagiteko. Preminazko lana izango da, Xixili ez dagoalako bape egoera onean, herriaren sinboloetako bat dan arren.
Irudi adierazgarri horren edertasuna berreskuratzea da ekimen honen helburua, Udalak ohar baten azaldu dauenez. Lehenengo fasean, bagilaren 7tik 11ra, EHUko adituek eskulturea aztertuko dabe. Sormen-prozesua zelakoa izan zan eta ze material erabili ziran begiratuko dabe.
Ondoren, ze esku-hartze egin behar dan erabagiko dabe, eta Arte Eder Fakultadeko ikasle eta irakasleak arduratuko dira konponketak egiteaz. Piezea bere onera ekartea eta hurrengo urteetan hobeto konserbau daiten neurriak hartzea izango dira helburuak.
Hain zuzen be, Enara Artetxe Sanchez eta Jose Luis Larrañaga Odriozola irakasleak eta Miren Oteros Echeverria ikaslea ibiliko dira azken zeregin horretan. Oteroren gradu amaierako lana izango da esku-hartzea, Artetxe eta Larrañagaren gidaritzapean.
Xixiliren eskulturea José Luis Butron artisteak egin eban 1980an, eta Lamerapuntako dikean ipini eben. Harrezkero, ez da ezelako konponketa, esku-hartze edo azterlanik egin, eta lau hamarkada pasauta, ez dago egoera onean.
Itsasotik datozan enbata eta giro gaziaren ondorioz, kalte larriak ditu. Lamiaren atal batzuk galtzeko arriskuan dagoz hormigoiak bere sendotasuna galdu dauelako, irudiaren osotasuna eta ezaugarriak galzorian jarriz, azaldu dau Jose Luis Larrañaga irakasleak.
Aritz Abaroa alkateak adierazo dauenez, preminazkoa da lanok egitea: Xixili gure ikurra da, gure ondare historiko-artistikoa, denpora gehiegi egon da alde batera itxita. Hitzarmen honen bitartez, geure lamia berreskuratuko dogu.
Alde bientzat, Bermeoko Udalarentzat zein EHUrentzat, hitzarmen onuragarria dala ganeratu dau Abaroak. Udalak eta herriak euren eskultura maiteenetako bat berreskuratuko dabe; Arte Ederretako ikasleek, ostera, euren formakuntzan sakontzeko aukerea izango dabe, benetako artelan bategaz lan egin ahal izango dabelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!