Nazinoarteko lehiaketa barik dator 2021eko Haizetara

Bizkaie! 2021-06-02 10:42   Musikea

Kaleko musikearen eta banden topaleku izango da Zornotza bagilaren 24tik 27ra.

Musikariak kalerik kale, 2019ko edizinoan (argazkia: Haizetara) | Ikusi handiago | Argazki originala

Osasun egoerea dala eta, aldaketa nabarmenak egin behar izan ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak Haizetara jaialdiaren 2021eko edizinoan. Esate baterako, banden nazinoarteko lehiaketea ez da egingo aurten. Ganera, kontzertuak kalerik kale izan beharrean, areto itxietan izango dira, edukierea eta osasuna babesteko neurriak hobeto kontroletako. 

Bagilaren 24tik 27ra egingo dabe Haizetara, fanfarreen, banden eta kaleko musikearen jaialdi ezaguna, eta, Covid-19ak eragindako aldaketak handiak diran arren, betiko asmoari eutsiko deutso: Zornotzako herritarrei kaleko musikearen estilo guztiez gozeteko aukerea emotea. 

Kontzertu guztiak doban izango dira, baina gonbidapenak eskatu beharko dira jaialdia hasi baino lehen, Zelaieta Zentroan. Hilaren 10era arteko epea dago horretarako, eta eskatzaileen artean zozketea egingo dabe.

Hiru agertoki ditu aurtengo Haizetarak: Zornotza Aretoa, Amorebieta IV frontoia eta Zelaieta. Oholtza bakotxean hiru kontzertu egongo dira, gehienak saio bikotxetan. Zornotza Aretoan Satisfackshow (25ean, 16:30/20:00), Balkan Paradise (26an, 12:30/20:00) eta Wonder Brass (27an, 12:30/20:00) taldeek joko dabe zuzenean.

Amorebieta IV frontoian honeek entzungo doguz: Radio Kaizman (25ean, 16:30/20:00), Artistas del Gremio (26an, 12:30/20:00) eta Brass Corp (27an, 12:30/20:00).

Azkenik, Zelaieta Zentroko kontzertu gelan, klarinetez jotako jazzaren atzera begirakoaz disfrutau ahal izango da bagilaren 24an, 19:00etan. Ordu eta leku berean izango dira Botxo Boogies (25ean) eta Sagi Quintet (26an). Zelaietako kontzertuetan saio bakarra egongo da. 

Lehiaketarik antolatuko ez dan arren, Haizetarako programazinoko taldeen artean gogokoena aukeratu ahal izango dabe entzuleek. Saririk ez jako emongo irabazleari, baina, behinik behin, publikoaren gustukoena zein dan jakin ahal izango dogu. Botoak online emon ahal izango dira, Haizetara.com webgunean, bagilaren 25etik 27ra. 

Jaialdian parte hartzen daben herritar guztiei esker ona adierazoteko, Haizetara gu gara! izeneko erakusketea ipiniko dabe Herriko Plazan, bagilaren 24tik garagarrilaren 11ra. Alex eta Jesus de Pedro argazkilarien irudiak ikusi ahal izango dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu