Gazteek lan 'sakonak eta ausartak' aurkeztu ditue Azkue Sarietara

Bizkaie! 2021-06-01 13:49   Euskerea berbagai

Narrazinoan zein poesian, 353 parte-hartzaile egon dira.

Irabazleak eta antolatzaileak, Bilboko Plaza Barrian (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Resurrección María Azkue lehenengo euskaltzainburuaren izena daroan lehiaketearen 2020ko edizinoko sariak emon ditu Euskaltzaindiak, poesiaren zein narrazinoaren kategorietan. Andres Urrutia euskaltzainburua eta Koldo Bilbao BBK-ko arduraduna egon dira irabazleei sariak emoteko ekitaldian, Bilbon. Ume eta gazteen artean literatura zaletasuna eta euskeraz idazteko ohiturea bultzatzeko antolatzen dira urtero sariok.

Irabazleei zorionak eta parte-hartzaile guztiei eskerrak emon deutsez Urrutiak ekitaldiaren hasieran. Euskaltzaindiak gazteen artean euskerazko literaturearen harra biztu nahian segiduko dauela agindu dau. Koldo Bilbaoren esanetan, harrobia lantzen gabiz, etorkizuna bermatuko deuskun harrobia, bestela iragana baino ez jakulako geratzen.

1991tik antolatzen dabe Euskaltzaindiak eta BBK-k Azkue Literatura Saria, eta urtetik urtera gero eta gazte gehiagok hartzen dabe parte. 2019ko edizinoan jo eban goia, 568 partaidegaz. Aurtengoa be oparoa izan da, 353, aurreko edizinoan baino gitxiago baina azken urteotan ohikoa izan dana baino askoz gehiago. 

Edadearen araberako maila bitan banatzen dira parte-hartzaileak: A mailan 10 eta 13 urte bitartekoak eta B mailan, 14tik 17rakoak. Poesian zein narrazinoan emoten ditue sariak. 

Epaimahaikoek autortu dabe ezuste handia hartu dabela parte-hartzaileen heldutasunagaitik. A mailan, ganera, gaiak jorratzeko jokera positiboagoa ikusi dabe: bizitzea, itxaropena, etorkizuna... nagusitu dira eskuartean erabili doguzan idatzietan.

B mailan be bizitzea kontetako grinea sumatu dabe epaileek: bizirik dagozala oihukatu dabe. Idazle gazteak ahalegindu dira kontetan, esaten, aldarrikatzen, autortzen. Narrazinoak zein poesiak sakonak eta ausartak izan dirala dinoe epaimahaikideek. 

A mailea

- Narrazinoa:

Lehen saria: Argi izpiak. Egilea: Maria Illarramendi (Urola Ikastola, Azpeitia - Gipuzkoa).

Bigarren saria: Abandonatutako estazioaren kondaira. Egilea: Elene Aizpurua (Iraurgi Ikastetxea, Azpeitia - Gipuzkoa).

Hirugarren saria: Kolore dantza. Egilea: Maren Herrera (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).

Aitamen berezia: Ez naiz hiltzearen beldur. Egilea: Irati Zuntzunegi (Seber Altube Ikastola, Gernika - Bizkaia).

- Poesia:

Lehen saria: Insomnio gauak. Egilea: Irati Hierro (Urola Ikastola, Azpeitia - Gipuzkoa).

Bigarren saria: Bidaian. Egilea: Amaia Zabala (Seber Altube, Gernika - Bizkaia). 

Hirugarren saria: Bakardadea. Egilea: Ane Mugica (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).

B mailea

- Narrazinoa: 

Lehen saria: Talde-lanak ekarritako galdera. Egilea: Iker Niño (Udarregi Ikastola, Usurbil - Gipuzkoa).

Bigarren saria: Elena Barrutia. Egilea: Lutxi Iribarren (Bernat Etxepare Lizeoa, Baiona - Lapurdi). 

Hirugarren saria: Zapatatxo zuriak. Egilea: Irene Garcia (Lauro Ikastola, Loiu - Bizkaia).

- Poesia:

Lehen saria: Munduari azaleratu. Egilea: Uxue Armental (Pasaia-Lezo Lizeoa, Pasai Donibane - Gipuzkoa).

Bigarren saria: Izanak. Egilea: Uxue Perez (Beasain BHI, Beasain – Gipuzkoa).

Hirugarren saria: Gefangen. Egilea: Ander Segarra (Lauro Ikastola, Loiu - Bizkaia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu