Diseinatzaile bizkaitarren lana formatu barrietan erakutsiko dau La Encartada Modak

Bizkaie! 2021-06-01 13:14   Kulturea

Erakusketak, desfileak, artea eta filmak dagoz egitarauan.

Foru Aldundiko eta La Encartada Modako arduradunak, 2021eko edizinoa aurkezten (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Barriro geurean lemapean, La Encartada Modak Bizkaiko modearen abangoardia erakutsiko deutso publiko zabalari, aurten seigarren urtez. Igazko edizinoa pandemiagaitik bertan behera itxi eta gero, Bizkaiko Foru Aldundiak ziurtatu dau sekula baino indar handiagoz bueltauko dala La Encartada Moda Balmasedara, erakusketa, desfile eta ikus-entzunezkoak tartean dirala. 

Modearen Bizkaiko 15 profesionalen lana erakustea izango da 2021eko edizinoaren ardatza, horretarako hainbat formatu barritzaile erabilita. Modako osogarrien markak alkarlanean ibiliko dira diseinatzaileen lana apaintzeko. 

Bagilaren 19an, pasarela berezia egingo dabe Balmasedako La Encartada Fabrika Museoan, zuzeneko argazki saio eta guzti. Ifeelnuten, Inedi Design Schoolen, Julene Gregorioren, Kutxa Kulturren, Pedruscoren eta Sutanen bildumak ikusi ahal izango dira desfilean. Edukierea mugatua izango danez, pasarelea bertatik bertara ikusteko 70 sarrerak zozketan emongo ditue, La Encartadaren sare sozialen bidez. 

Egun horretan, mahai-ingurua egingo da Modea, merkataritzea eta etikea. Eta orain, zer? galdereari erantzuteko asmoz. Modearen sektoreko hainbat profesional batuko dira, besteak beste, Gema Gómez (Slow Fashion Next), Jon Curutchet (SKFK), Imanol Carretero (Gu·Da Eyewear) eta Mutur Beltz. 

La Encartada eraikinean, iraganeko ondarea eta gaur egungo jokerak buztartzen dituan lekua izanik, erakusketa berezia ipiniko dabe bagilaren 25etik garagarrilaren 4ra. Aurtengo edizinoan parte hartuko daben diseinatzaile batzuen lana ikusi ahal izango da. Andrea Box Lópezen, Laino Bilbaoren, Marga Santiagoren eta SKFKren diseinuak instalazino formatuan eta eraikinagaz alkarrekintzan egongo dira. 

Ikus-entzunezkoen atalean, La Encartadaren inguruko espazioetan egindako lau fashion film erakutsiko ditue. Maitena Vega, Hemen Proiektua, Eder Aurre eta Albec Bunsen dira pelikulen bultzatzaileak. 

Azkenik, ez da ahaztu behar fabrika museoaren kanpoaldeko fatxadan ipiniko dituen panel handiak, disziplina ugaritako artisten lanak erakusteko. Modea eta artea ahalik eta jente gehienari hurreratzea da Itxurak ekimenaren helburua, eta Aimar Arriola da komisarioa. 

Hainbat belaunalditako euskal artista plastikoen eta diseinatzaileen lanak erakustea eta lankidetzearen garrantzia azpimarratzea izan ditu gogoan Arriolak Itxurak atontzean. Artista plastikoak eta diseinatzaileak bikoteetan alkartu ditu, modearen eta artearen ohiko parametroetatik harago joateko asmoz. Garagarrilaren 4ra arte egongo dira panelak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu