Quebec eta Euskadiren arteko lankidetzea bultzatzeko batzarra

Bizkaie! 2021-06-01 08:47   Kulturea

Quebeceko Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako arduradun kulturalek topaketa telematikoa egin dabe.

Lehenagotik be izan dira hartu-emonak Quebeceko eta Eusko Jaurlaritzako kultura arduradunen artean, baina lankidetza hori suspertzeko beharrezkoa izan da bide telematikotik egindako batzar hau. Quebeceko Kultura Ministro Nathalie Roy eta Quebeceko Bulegoko zuzendari Isabelle Dessureault izan dira amerikarren ordezkariak.

Eusko Jaurlaritzearen partetik, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da batzarreko ordezkari nagusia. Beragaz batera egon dira Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Myriam Larroulet Kanpo Harremanetarako zuzendaria, baita Etxepare Institutuko zuzendari Irene Larraza be. 

Bingen Zupiriak azaldu dauenez, Quebecen eta Euskadiren arteko hartu-emon instituzional eta kulturalek tradizino finkatua dabe, eta 2017ko Protocole d'entente (MOU) dalakoan islatu zan. Protokolo hori kultura-adierazpenen aniztasuna sustatzeko sinatu zan, herrialde bien hizkuntza-politiketarako gaietan jardunbide egokiak trukatzeko eta gai ekonomikoetan alkarri laguntzeko.

Quebeceko Kultura Ministroagaz lehenengo loturea egiteko ez eze, Quebec-Euskadi 2020-2021 kultura-lankidetzako programeari behin betiko bultzadea emoteko balio izan dau batzarrak, Zupiriaren arabera. Pandemiaren ondorioz, 2021-2022ra atzeratu behar izan eben programea. 

Sortzaile quebectarren eta euskaldunen arteko trukea bultzatuko dau lankidetza barriak. Asmoa da, 2021eko bigarren seihilekoan eta 2022an Season Québec-Pays Basque joan-etorriko egitasmoa martxan jartea, herrialde bakotxaren sorkuntzeari beste herrialdean leihoa zabaltzeko. 

Literaturan, jantzan, antzerkian, ikus-entzunezkoetan, musikan eta arte plastikoetan, komunidade bietako erakunde, eragile eta artistek parte hartuko dabe Season Québec-Pays Basque egitasmoan. Helburu nagusi bi bete nahi ditue: batetik, kultur edukien trukea eta ekitaldi, jaialdi eta azoketako programazinoak zehaztea; bestetik, eragileen arteko lankidetzea eta nazinoarteko proiektuetan parte hartzea.

Etxepare Euskal Institutua 2019an hasi zan lehentasunezkotzat joten diran lurraldeakaz kulturearen arloko lankidetzak martxan jarten. Eskozia izan zan lehenengoa, eta 2020rako Quebecera begira jarri ziran. Pandemiak geldialdia ekarri dauen arren, Quebeceko eta Euskal Herriko hainbat eragilek trukeak hasi ditue, tartean dirala EIZIE, Mintzola, Bertsozale Alkartea, Azkuna Zentroa, Euskal PEN Kluba, EKE, Euskadiko Filmategia, Bitamine Faktoria eta beste hainbat.

Hurrengo hileotan Saison Québec-Pays Basque egitasmoaren bidez martxan jarriko diran ekimenen artean dagoz: Itzultzaile Barriak, Université LAVAL / Mintegia: La voix des autres-Besteen ahotsa, Jantza Sorkuntza Egonaldia eta beste asko. Batzuk presentzialak izango dira, eta beste batzuk, online.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu