Etxepareren poesia herrikoia aldarrikatuko dau XIV. Klasikoen Irakurraldiak
2021-05-31 13:27 KultureaBagilaren 3an izango da hitzordua, Bilboko Arriaga Antzokian.
Euskeraz argitaratutako lehenengo liburua, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545), irakurriko dabe Bilboko Arriaga Antzokian, bagilaren 3an, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Klasikoen Irakurraldian. Goizeko 08:00etatik 14:00etara, 200 lagun baino gehiagok txandaka eta geratu barik irakurriko ditue liburu horren pasarteak.
Egueneko ekitaldi jentetsuaren barri emoteko, agerraldia egin dabe antolatzaileek eta babesleek. Bilbo Zaharra euskaltegiko zuzendaria Jon Maguregigaz batera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao eta Bilboko Udaleko Euskera zinegotzi Koldo Narbaiza egon dira. Laboral Kutxa be babesle nagusietako bat da.
Bilbon euskerea ikasteko ahalegina egiten dabizanei errekonozimendua egiteko sortu genduan Klasikoen Irakurraldia, azaldu dau Maguregik. Dagoeneko 14. edizinora helduko da jente askoren borondatezko ahaleginaren ganean oinarritutako ekitaldia.
Urtero legez, aurten be gizartearen alor guztietako ordezkariek irakurriko ditue zatiak. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Andres Urrutia euskaltzainburua dagoz zerrendan, baita mundu zabaleko 50 euskal etxetako kideak be, honeek online.
Lehenengo irakurlea, goizeko 08:00etakoa, Xabier Amuriza izango da. Bilbo Zaharra euskaltegikoen ustez, Bernat Etxepareren antzeko obrea dauen gaur egungo autoreetako bat da Amuriza, biek landu dituelako kantetako moduko poesia herrikoia, bertsolaritzatik eta koplagintzatik hurrekoa.
Igazko edizinoa atzeratuta egin eben, eta pandemiaren erruz, aurtengoa be zalantzan egon da. Horregaitik, hasierea, berrindartzerako eta baikortasunerako sasoi barri baterako liburua aukeratu nahi izan dabe. Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae-ren alde egin dau Bilbo Zaharra euskaltegiak, Jon Maguregi zuzendariak azaldu dauenez.
Izan be, argitaratutako euskerazko lehenengo liburua idatzi eban Etxeparek 1545ean, hasiera moduko bat izan zan euskerearentzat. Horrezaz gan, poesia herrikoiaren eredu izatea be aitagarritzat jo dabe antolatzaileek.
Xabier Amurizak eskertuta hartu dau Etxepareren XXI. mendeko ordezkaria izateko proposamena, XVI. mendeko idazlearen testuak sakonago aztertzeko aukerea emon deutsalako. Lehenengo euskal idazlea izateko, Etxepareren mailea harrigarria dala uste dau Amurizak: euskerearen izate bereziaren kontzientzia eukan.
Gaur egungo irakurlearen begietara be deigarriak ziran gaiak jorratu zituan Etxeparek. Eleizgizona izan arren, Linguae Vasconum Primitiae liburuko hamabost olerkietatik hamar amodiozkoak dira. Euskerearen eta emakumeen inguruan be ikuspegi aurrerakoia agertu ebala dino Amurizak.
Bilbo Zaharrakoen proposamenari gogoz helduta, Bernat Etxepareren obrearen antologia gaurkotua egin dau Xabier Amurizak. Poemarik nabarmenenak aukeratu, eta kantetako edo errezitaldietarako moduko formatura ekarri ditu, Etxepareren berbak euskera batura egokitzeaz gan.
Etxepare ondo ulertzeko emonkorra izango dan antologia kantatua egiten ahalegindu da Amuriza. Aldaketak egin dituan arren, estiloa eta edukia errespetau dituala ziurtatu dau. Bagilaren 2an, 19:00etan, Euskaltzaindiaren egoitzan lan horren zati baten irakurraldia egingo dau Amurizak berak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!