Aneto, isolamendutik mugen edegierara
2021-05-31 10:51 Ibilian-ibilianZer pasauko ete zan glaziarragaz itxialdian?
Herrietako etxe guztiek teilatua dabe, eta bertara igotean, goren sentiduten gara, baina aurrekoak teilatu handiagoa dauela ikustean, handik ikuspegi hobea izango dala pentsau ohi dogu; horixe bera pasetan da mendien artean be. Aneto Pirinioetako teilatua dogu, eta peninsulan Mulhacenek gainditu arren, eta Kanarietako Teidek estaduan, Anetok baditu altueraz gan beste hainbat berezitasun be.
Bertara heltzeko bideak mugabakoak dira, ohiko bidea Renclusako aterpetik edota Llanos del Hospitaletik da, Benasquetik autobusez joanda. Menditik doazan bideen artean, ostera, adituenentzako Salenques Tempestades ertza dago, esaterako. Eskaletako, alpinismoa egiteko, eskietako, mendian oinezean joateko, arineketan egin... Aukerak mila dagoz.
Glaziarraren bilakaerea
Jakin badakigu Pirinioetako altxorrik handienetako bat glaziarrak dirana eta honeek galtzeak edo okertzeak eragin handia dauela naturearen ondoizatean. Igazko udan bertan izan nintzanean ikaragarri harritu ninduan glaziarraren egoera prekarioak, izan be, oso urtuta egoan, eta, udea izan arren, atzemoten zan ez zala bero kontua, aldaketa klimatikoaren ondorio garbia baino.
Zer pasauko ete zan glaziarragaz itxialdian? Horrenbeste jente bertatik ez ibilteak lagundu ete deutso zelanbait, ala aldaketa klimatikoaren ondorioak areagotu ete dira? Egunotan bertara bazoaze, kontauko deuskuzue ea zer moduz ikusi dozuen. Ea denon artean lortzen dogun naturea bere horretan gordetea eta errespetetea, berau baino politagorik ez baitago.
Isolamendutik mugen edegierara
Benasquen bizi diran herritarrek muga ederrak izan ditue mobidu ahal izateko eta geroago Aragoiko herritarrek be bai, leku eta inguru amaibako eta bereziak izan ditue eskura. Gu be ezin gara ezelan be kejau, danetarik dogulako Euskal Herrian. Etxe alboko mendira igon beharrean Aneto mendira igon ahal izatearen arteko aldea, barriz, aitagarria eta nabarmena da.
Aragoiko jentea oso gustura ibili da hilebeteotan, mendi guztiak eurentzat bakarrik izan dituelako, baina, alarma egoera amaitu eta mugak edegi diranez, orain askeak gara nahi dogun beste mobiduteko, eta ahal dogun aldiro leku batetik bestera joan gaitekez. Ziur nago Aneto mendizale askoren helburua izango dana, bere edertasun ikaragarriak eta nagusitasunak txiki sentiduarazoten zaitualako.
Aterpeen goxotasun eta esperientzia
Niri, batez be, gustetan jat Pirinioez aterpeetan gozetea, kotxean joan, egunean sekulako ibilbidea egin eta kotxera buelteteak ez nau horrenbeste motibetan. Bai, ostera, aterpera igon eta hurrengo goizean ibilbidea egin, ondoren aterpera bueltau eta kotxera jatsi, edo bertan lo egin. Holan, abenturea luzatzen dogu, eta esperientzia gehiago bizi dogu, jende asko ezagutzen dalako aterpeetan eta anekdotak be ez dira sekula falta. Renclusako aterpea horretarako aukera bikaina da, logelak ondo dagoz, otorduetako jatekoa be bai, eta goizean goiz igoerak hasteko aproposa da. Ganera, aurrez aurre dauen errekako ur (oso) hotzak min guztiak kentzen ditu, bestela ikusi argazkia! ;)
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!