Ezohikotasunean, euskal giroaz kalakalata amaitu dabe milaka lagunek Sopelan

Bizkaie! 2021-05-31 07:45   Euskerea berbagai

Alkarlanerako deia egin eta nabarmendu dabe.

Goizean goizetik, eguzkiaren lehenengo izpiak agertu diranetik, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako lagunak batzen hasi dira Sopelako lau guneen atontze-lanak egiteko. Eguraldia bidelagun, guistora ekin deutse zeregin horri.

Harrera-ekitaldia 09:15ean hasi da, Ander Deuna ikastolan eta bertan izan dira, besteak beste, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputadua, Paul Bilbao Kontseiluko idazkaria, Josu Landaluze Sopelako alkatea, Iban Rodriguez Leioako alkatea, udal bietako zinegotziak, ikastoletako idazkariak eta gizarte eragileetako ordezkariak. Berbaldian parte hartu dabenak bat etorri dira esatean euskerearen berreskurapen-lanak trabak dituala eta atzerapausuak ematen dagozala leku askotan; horren aurean, alkarlanerako deia egin eta nabarmendu dabe inoiz baino beharrezkoagoa dala instituzino eta gainerako eragileen arteko alkarlana euskerea berreskuratzeko eta erabilerea sendotzeko pausuak emoteko. Azkenik, ekitaldiaren amaieran, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ordezkariek Bilboko Abusu Ikastolako buruari pasau deutse Ibilaldiaren lekukoa, zentro horrek hartuko dauelako datorren urteko jaialdia atontzeko ardurea.

Pandemia bete-betean, ibilbiderik bako Ibilaldia izan da, lau gune nagusitan banatuta, 10:00etatik hasita, askotariko tailerrez eta ikuskizunez gozetako aukerea izan dabe aldez aurretik izena emona eben herritarrek. Izurriteari aurre egiteko ezarritako osasun-neurriak hautatu ditue antolatzaileek lau guneok ezartzeko eta jarduera mueta bi atondu ditue horretan guztietan: bata, parte-hartze zuzena eta aktiboa eskaintzen dauena; eta bestea, ikuskizunak, pasiboagoa eta ikus edo entzutea eskatzen dauena.

Aurreikuspen guztiak bete dira gune guztietan eta aldez aurretik izena emon daben 1.800 lagunak hurreratu dira zehaztutako gunera, 200 personetako txandetan banatuta; lehenengo txandea 10:00etan hasi da, 12:00ak arte, eta bigarrena, barriz, 12:30ean, 14:30era artekoa. Errespetua izan da nagusi guztietan eta txanda eta segurtasun-tarteei eutsi jake. Era berean, parte-hartze librea eskaintzen eban azokan jente mordoa batu da Sopelako udaletxearen aurreko plazan, 10:00etatik 15:00etara, 27 postutxotan salgai egon diran hamaika produktu ikusi zein erosteko. Atontzaileek azpimarratu dabenez, aldez aurretik egindako lana eskertzekoa izan da eta ez da ezelako arazorik egon inon.

Maiatzak 30 egun handia izan bada be, Ibilaldiaren jarduna ez da hemen amaituko, izan be, bagilaren 5ean, Burdin Hesia ezagutzeko ekimena egingo dabe DBHko ikasleakaz batera; horretan, aldez aurretik landutako gerra zibil garaiko adierazpen kulturala aintzat hartuko dabe.

Horrezaz gan, aurreko asteetan makinatxu bat izan dira jarduerak, besteak beste, irrintzi deiadarra, euskal olgetak, bote luzea, bertso saioak, pailazoak, dokumentalak... Horreekaz batera, Euskal Herriko gainerako ikastolen jaiakaz batera atondutakoak: liburu ibiltaria, horma-irudia zein komiki lehiaketea.

Kontuak kontu, esperientzia oso aberatsa izan da ikastola bien artean Ibilaldia atontzea eta, esangura horretan, hezkuntza eta hizkuntza-arloko erronkei aurre egiteko behar-beharrezkoa izango da zentro bien arteko alkarlana “Gaurko egunekoa eta aurreko hilebeteetan egindako bidea be, izan daitezala gure ale-ekarpen txikiak euskeraz eta euskal kulturaz biziteko, baita hainbat ekimenez euskeraz gozetako be”, aldarrikatu dabe.

Era berean, eskerrak emon deutsee ikastola bietako komunidadeei; ikasleei, gurasoei eta langileei: Ezinezkoa izango zan Ibilaldia aurrera eroatea komunidade bien arteko alkarlan, gogo eta ilusino barik. Horrezaz gan, Sopela eta Leioako udalen babesa eskertu dabe, beharrezkoa izan dalako, baita erakunde, enpresa, alkarte eta babesleen laguntzea be: Guztiek ahalbidetu dabe Ibilaldia. Eskerrik asko guztioi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu