Janire Arrizabalagak irabazi dau Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea

Bizkaie! 2021-05-31 08:22   Bertsolaritzea

Zortzi bertsolari gaztek kantau dabe Igorreko finalean.

Janire Arrizabalaga, Igorren (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak lankidetzan antolatzen daben Eskolarteko Txapelketako finala zapatuan jokatu zan, Igorreko Lasarte aretoan. Bizkaiko eskualde guztietako 21 gaztek hartu dabe parte aurtengo edizinoan, eta hiru kanporaketa egon dira. Finalera horreetako zortzi heldu dira, eta Janire Arrizabalaga izan da txapeldun.

Agurren ostean, ariketa puntuagarriak egin ditue bertsolariek: zortziko txikian eta handian lehenengo, eta bakarka gai bati bertso bana ostean. Janire Arrizabalaga eta June Diaz pasau dira buruz burukora. Puntuari erantzuteko eta gai bati bertso bana botetako ariketak egin behar izan ditue azken fase horretan. 

Epaimahaiaren puntuazinoaren arabera, Janire Arrizabalagak irabazi dau saioa. Kepa Intxausti Arratiako bertsolariak jantzi deutso txapela. Sariak emoteko ekitaldian Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Alkarteko lehendakariak eta Juanjo Respaldiza Ikastolen Alkarteko ordezkariak hartu dabe parte.

Janire Arrizabalagak eta June Diazek, lehenengo eta bigarren geratu diran ezkero, Bizkaiko ordezkariak izango dira Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalean.

Beste sei finalistak honeek izan dira: Araitz Katarain, Ixone Asategi, Izaro Bilbao, Jokin Ansotegi, Maialen Lago eta Peio Lago. Aurkezlea Igor Menika izan da, eta, epaileak, Ander Arrien, Iñaki Aurrekoetxea eta Leire Etxebarria; idazkari, Idoia Anzorandia. 

Idatzizkoa

Bat-bateko finala jokatzeaz batera, Igorreko saioan Eskolarteko Txapelketako idatzizko modalidadeko sariak emon deutsez maila bakotxeko onenei. Gazte asko batzea ezinezkoa danez, ikastetxeetan eta bertso eskoletan egin dabe aurten idatzizkoa. Honeek izan dira saridunak:

- 2010ean jaiotakoak: Onintza Galdos (1.), Aiur Areitio (2.) eta Martzelo Lekue (3.).

- 2009an jaiotakoak: Beñat Enbeita, Katalin Respaldiza eta Luka Astiz.

- 2008an jaiotakoak: Naroa Iturriotz, Andrea Capetillo eta Maddi Alberdi.

- 2007an jaiotakoak: Garazi Uriarte, Jasone Martin eta Ixone Itziar del Corte.

- 2003tik 2006ra jaiotakoak: Haizea Telleria, Enetz Martitegi eta Garazi Ibarretxe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu