Unai Esturo: 'Durangaldeko egoerea ez dot bape ondo ikusten'

Koldo Isusi Zuazo 2021-05-31 07:55   Barriketan

Iurretako jantzaria.

Bederatzi euskal herrik jaietan bardintasuna bultzatzeko dituen estrategiak aztertu ditu Emakunderen ikerketa batek, Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak izenburukoak, hain zuzen be; bertan, bederatzi euskal herritan izandako aldaketa-prozesuak aztertzen dira, jaietako eredu parte-hartzaileagoa eta bardinzaleagoa ekarriko daben estrategiak, gomendioak eta erronkak identifiketako. Gasteiz, Amurrio, Laudio, Bilbo, Berriz, Gernika, Donostia, Tolosa eta Antzuolako jaietan bardintasuna bermatzeko egindako aldaketak aztertu eta erakusten ditu jaietako balio, tradizino eta ohituren transmisinoak ez dabela atxakia izan behar praktika diskriminatzaileei eusteko.

Margaret Bullen, Lidia Montesinos eta Begoña Pecharroman ikerlariek dokumentazino-lan sakona egin dabe eta jaien antolaketan eta bardintasunaren sustapenean parte hartzen daben persona askoren laguntzinoa izan dabe, berbarako, Unai Esturo, Iurretako Jantza Taldeko jantzariarena.

1.- Ze ekarpen egin deutsazu Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak ikerketa lanari?

Margaret Bullenen deia jaso eta ikerketa lanean kolaboretako eskaintzea egin eta baiez erantzun neutsan sano interesgarria begitandu jatalako, gure herrian 2018an emon zalako jantza taldeeetan parekidetasunaren izenean pausu handia: mutilona zan edo egiten genduan jantzari-jantzan, emakumeek be parte hartzea, hain zuzen be. Eta nire ekarpena izan da Iurretan horra arteko bidean eta aldaketa hori zelan gauzatu zan azpimarratzea, 1970etik, hor hasi ziralako lehenengoz emakumeak plazan jantzan eta 2018rako tartean.

2.-Jantzari-jantzea zortzi personak interpretetan dabe eta Durangaldeko hainbat herritan antzera egiten da jantzan. Hasieran, gizonek baino ez eben egiten baina Garai eta Durangoko jantza-taldeen ekinbidez, emakumeak be hasi ziran jantzan; 2004 eta 2005. urteetan, mutil eta neskek osotutako talde batek jantzari-jantzea egin eban Garaiko San Juanetan ez egoalako jantzan egiteko mutil nahikorik...

Atxaki polita... Akordetan naz Garain umeek emon eben pausua, talde barria sortu eta mutilik ez egoanez, neskak hasi zirala jantzan. Jakin badakigu kritika gogorrak izan zirala eta gaur egun dagoan jantza taldeko parte bat erretirau egin zan. Garai herrian, garagarrileko Santixauak urteko jairik indartsuenak dira eta hor ez eben jantzarik egin pandemiaren eraginez; San Juanak, barriz, auzo batekoak dira eta hor gizonek eta emakumeek egin eben jantzan.

3.- 2013. urtean, Durangoko Kriskitin jantza-taldea emakumeen parte-hartzea sustatzen hasi zan jantzari-jantzan, bardintasunerako bidea zabalduz eta jantzotan emakumeen parte-hartzea bultzatuz. Halan da be, gaia bizi-bizi dago...

Bai. Nire uste apalean, lehenengo pausua emon ebenen artean, Kriskitinekoak eta Durangoko beste talde batzuk nabarmenduko neukez; badakit tirabirak eta egoera gogorrak bizi izan zituela eta ezagunak ziran herritarren artean. Batzarretan ez nintzan egon eta zehaztasun gehiago ezin deutsut emon baina badakit 2015eko Durangaldeko jantzari-jantza egunean, Kriskitineko hiru neska ibili zirala jantzan mutilekaz batera eta hori mugarria izan zan.

4.- Bai, 2015ean, Merindadeko ezpata-jantzari egunean, Kriskitin taldekoek mutil eta neskez osotutako talde lez parte hartzeko asmoa adierazo eta atontzaileek ezezkoa emon eutsen eztabaida handia eraginez. Sei urte baino ez dira igaro eta gaur egun zelakoak dira jarrerak?

Bardin antzekoak baina zorionez aldatzen doaz. Aitatu deutsudan mugarria sano garrantsitsua izan zan; urte horretan gure taldean gehienak emakumeak ziran jantzak ikasten, % 80 inguru. Giro baltzik ez da behar, babesa baino. 

5.-Bardintasunerako Planak eta hor sortu ziran baina zer egin daiteke gizartean eragin eta bardintasuna lortzeko, emakumeen ikusgaitasuna, presentzia eta parte-hartzea bermatzeko?

Bakotxak bere herrian eragin behar dau baina badakigu inguruetako herritarrak etortea zer egin behar dan esaten ez dala gozagarria. Gaur egun, emakumeen presentzia jantzari-jantzan bermatuta dago, emakumeek protagonismoa hartu dabe eta horrek ez dauka atzera bueltarik.

6.- Sarritan aldaketa-prozesuak zehaztasun txikienetan korapilatzen dira baina sensibilizazino, hausnarketa zein prestakuntzea bideratzea ez da lan erraza. Oinarria komunikazinoa eta barriketak izan daitekez?

Berba egitea beti da ona, komunikazinorik ez badago, akabo. Badakit Berrizko Udalak eta jantza taldeak hitzarmen bat adostu ebela emakume jantzarien presentzia eta jarduerea legez bermatzeko. Gizartean aldaketa sakonak izan arren edo gu ez gagozanean, horri eutsi beharko jako. Euskal Herrian antzeko kasuak ezagutzen doguz beste arlo batzuetan eta bide ona da, duda barik, Udalaren eta jantza taldeen arteko akordioa, herrietako plazetan emakume jantzariak jantzan ikusteko.

7.- Emakumeek beti egin dabe jantzan, baita aurreskua, ezpata-jantzea zein makil-jantzea be Oier Araolazak dinoanez. Baieztapen horren alde ala kontra zagoz?

Duda barik, alde. Oier laguna da eta bat nator baieztapen horregaz. Arrazoia sinplea eta erraz ulertzekoa da, izan be, norberaren herrian jantzek ikaragarrizko indarra izan ebenean, neskea zein mutila izan, plazan jantzan egiteko ez egoan trabarik. Anekdota bat kontauko deutsut, izan be, Miren Bikandi, gaur egun 90 bat urte izango dituan emakumearen aita jantzari-maisua izan zan eta umetan ikasi zituan jantzari-jantzea, soka-jantzea eta aurreskua zein atzeskua eta Mirenen bitartez, aurrerago, momenturik gatxenetan gure herrian, Iurretan, Bikandi izan zan transmisinoa egin ebana. Ia seguru nago soka-jantzak eta aurresku, atzesku eta beste jantza batzuk be egiten zituela emakumeek XVIII. mendea baino lehenago ze hortik aurrera etorri ziran emakume jantzarien kontrako persekuzino, demonizazino eta jarrerak.

8.- Bardintasuna bermatu gura izan ezkero, jaiak eguneratzea ezinbestekoa da justizia sozialari jagokonez adierazo dau Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Zelan eguneratu daitekez jaiak bardintasuna lortzeko?

Nire esperientzia eta eskarmentuan oinarrituta, Iurretako jantzaria eta Iurretako Jai Batzordeko kide be banaz eta jaiak zein ekitaldi zehatzak atontzeko momentuan emakumeen presentzia bermatu gura izaten dogu. Baina nire ustez, postu, kargu eta lekuetan gizonezkoak gehiago gara emakumeak baino, emakumeak behar zikinetan eta holakoetan ikusten ohituta gagoz eta holako jarrerak ez dira onargarriak, onena litzateke gizonok albora pausua egin eta emakumeei jaietako momentu inportanteenetan bidea emon edo eurei ixtea lekua.

9.- Jantzari dokumentala be herririk herri ibili da eta ibiliko da. Saria be irabazi dau, Filmin plataformearen interesa..

Pozarren gagoz. Gauza txikia edo geuretzako egindakoak aparteko indarra hartu eta Euskal Herrian zabaltzeko beste indar dauela jaubetu gara. Bideografik eta Anboto astekariak egindako lana da eta datu lez baino ez bada be, gogoan hartu herririk herri martian hasi eta maiatzera 25 herritan izan garela, espero ez genduan erantzuna izan dau dokumentalak eta Zinema Ikustezina Jaialdiko Parekidetasun saria be ez dira txarrak. Filmin plataformara batzeko asmoa be badago eta ederra izango litzateke mundu horretan sartzea.

Lehen aitatu deutsudan Miren Bikandi eta bere sasoiko gizonak, gerra zibilean umeak ziranak eta gerra ostean jantzan ibilitakoen pasadizo eta jazoerak, erretratuak eta bizipenak dokumentetea zan asmoa eta horretan ibili gara; Miren Bikandiren ganeko guztia hartu eta ordenetan genbizala, oso inportantea izan zan ze holako jenteari esker, 2018. urtetik, Iurretan jantzari-jantzea emakumeek egiten dabelako.

Emakumeek plazan jantzan egiteko emon eben pausua, Iurretako San Migel jaiak, bost urtean behin egiten dan Urrijena, 300dik gora jantzari batzeko topaketea eta bestelakoen barri emoten da dokumentalean.

1970. urtean, emakumeak plazan hasi ziran jantzan eta hori be kontetan da Jantzari dokumentalean. Eta 1995. urtea be nabarmentzen da, emakumeen soka-jantzea berreskuratu zalako eta San Migel arratsaldez, kazetari ingeles batek nabarmendu eban Iurretan egon eta emakumeak jantzan ikusteko subertea izan ebala.

Bertsolariak be sartu doguz dokumentalera, Oier Araolaza, Kukai, Pantxika Telleria, Margaret Bullen eta beste batzuk be bai.

Ez dot ahaztu gura Durangaldeko beste herri batzuetan be antzeko pausuak emon dituela jantzari-jantzan eta bestelakoetan emakumeen presentziari eta bardintasunari erreparauta.

10.- Jantza taldeak, jantza eskolak, Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkartea, Euskadiko Arte Dramatiko eta Jantza Goi Mailako Eskolea, dantzan webgunea, jantzea sustatu eta zabaltzeko alkartea, adituak... Hamar urte barru, hau guztia, non eta zein egoeratan ikusten dozu?

Nik neuk Durangaldeko egoerea ez dot ondo ikusten, badagoz gorabeherak baina desagertzeko arriskua be igarten dot. Emakumeen presentzia eta parekidetasuna bermatzeko pausu garrantzitsuak emon arren, jaubetu naz mutilen presentziak nabarmen egin dauela behera. Erakunde publikoak eta udalak ez dira kontziente altxor handia daukagula eta ondarea alperrik galtzen ixten gagozala. Umetan eta jantzari asko ibili arren, beste gauza batzuetarako edadera heldu eta hankaz gora geratzen dira tradizinoak; esangura horretan, hamar urte barru nork jakin egoerea zelakoa izango dan baina badakit alkarlanean gauza asko egin daitekezala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu