Euskerazko ikus-entzunezkoak batuko ditu Euskalteka plataformeak

Bizkaie! 2021-05-28 13:58   Euskerea berbagai

Streaming bidezko konsumoaren loraldian gure hizkuntzeari lekua egitea da asmoa.

EITBk eta Euskaltelek hitzarmena sinatu dabe, Eusko Jaurlaritzearen babesaz, streaming bidez euskerazko ikus-entzunezko edukiak eskainiko dituan plataforma digitala sortzeko. Euskalteka izeneko zerbitzu barria Euskaltelen bezeroek ikusi ahal izango dabe, Replayteka atalera sartuta. Proiektuaren bultzatzaileek azaldu dabenez, euskerazko ikus-entzunezkoen biltegi handia izatea nahi dabe, jenteak nahi dauen momentuan ikusi daizan.

Azkenaldion ikus-entzunezko edukiak zabaltzen dituen plataformek izan daben arrakasta ikaragarriari emondako erantzuna da Euskalteka. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak egitasmoaren aurkezpenean adierazo dauenez, konsumitzaileak gaur egun edukiak nahieran ikustea eskatzen dau, eta, euskereak eskaintza horretan lekua egin ezean, atzean geratzeko arriskua izango dau. 

Entzule, ikusle eta erabiltzaileen konsumo ohiturak aldatzen dabiz, pandemia garai honetan bertan be ikusi ahal izan dogunez. Horregatik, ondoetorria emoten deutsagu eta txalotzen dogu lankidetza estrategiko hau, adierazo dau Bingen Zupiriak. 

Izan be, gaur egun, plataforma nagusiek ez dabe euskerazko eduki askorik emoten, streaming zerbitzuak erabilten dituen euskaldunek inguruko erderetara edo ingelesera jo behar izaten dabe. Horri bueltea emoteko ahaleginak martxan dagozan arren (Netflix Euskeraz ekimena, adibidez), oraingoz trabak topau ditue aurrerapausuak baino sarriago.

Kontuak kontu, EITBko euskerazko saio eta eduki piloa eskura izango ditue Euskaltekaren erabiltzaileek, 300 ordu inguruko katalogoa. Orain be badago Euskaltelen bidez era horretako ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko modua, baina zerbitzu barrian nabarmen zabalduko dira aukerak. Fikzinoa, erreportajeak, reality-ak, umorea... Edukiak danetarikoak izango dira. 

Momentu honetan edukien iturria EITB dan arren, aurrerago beste leku batzuetako ikus-entzunezkoak sartzea be ez dabe baztertu. Euskadiko erreferentziazko bideoteka bihurtzea da helburua, bultzatzaileen arabera. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu