'Geroa ereiten', Euspot-eko irabazle

Bizkaie! 2021-05-28 10:35   Euskerea berbagai

Euskerazko spot-en lehiaketara 87 lan aurkeztu dira aurten.

'Geroa ereiten', Iñigo Zapirain Garmendiarena. | Ikusi handiago | Argazki originala

Erantzun bikaina emon deutse sortzaileek eta ikus-entzuleek 2021eko Euspot lehiaketeari: 87 spot aurkeztu dira, igaz baino 36 gehiago; eta publikoaren saria erabagiteko, 3.000 lagunek baino gehiagok emon dabe botoa. Euskerazko spot-en lehiaketearen antolatzaileak pozik dagoz, Euskal Herriko txoko ugaritatik heldu jakezelako lanak.

Alkarlanean antolatzen dabe Euspot, gehienbat Debagoieneko eragileen artean: Aretxabaletako Udala, Arteman, MU, HAZI eta Arizmendi Ikastolea.

Aretxabaletako Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan egin dabe aurtengo edizinoko sariak banatzeko ekitaldia. Ane Zuazubiskar kazetariak aurkeztutako ekitaldian, 15 finalistak ikusi ahal izan ditu publikoak pantaila handian, eta, ondoren, banan-bana emon deutsez sariak irabazleei. Ganera, Eñaut Zubizarretak pieza eder batzuk jo ditu biolontxeloaz.

Nekazaritzatik bizi nahi dogu! lemapean, aurtengo edizinora aurkeztu diran spot-ek gazteak animau behar izan ditue nekazaritzatik bizi izatera, batez be emakumeakan arretea jarrita. Epaimahaiaren eretxian, iragarkirik onena, eta, beraz, 2021eko sari nagusiaren irabazlea, Idiazabalgo Iñigo Zapirain Garmendiaren Geroa ereiten izan da. 

Spot irabazlearen kalidade teknikoa eta mezu egokia txalotu ditu epaimahaiak. Mila euro emon deutsez Zapiraini. Bittor Oroz HAZI Fundazinoko lehendakari eta Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuordeak emon deutso saria.

Beste sariak honeek izan dira:

- Publikoaren Saria: Nondik datorren jakin nahi (Amaia Renobales eta Iban Garcia).

- MUko ikasleentzako saria: Nik ez ditut sustraiak moztuko (Sara Iriarte, Garaia Pagola eta Danel Teran).

- Musika sinkronizazinorik onena: Nondik datorren jakin nahi (Amaia Renobales eta Iban Garcia).

- Gazteen saria (irabazle bi): Emakumeak eta baserria (Kemen Virto) eta Ez izan tuntuna, erosi Km 0 (Ugaitz Gruceta, Erlantz Negro eta Joanes Arana). 

- Arizmendi ikastolakoentzako saria: Etorkizunera begira (Lur Bengoa, Nagore Garnateo eta Leire Calvo).

Ikusi edizino honetako 87 spot-ak hemen.

Irabazleak eta antolatzaileak, Zaraia aretoko oholtzan (argazkia: Euspot)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu