Arabako Gorbeialdeko bertso abenturea, bagilaren 22tik 24ra

Bizkaie! 2021-05-27 09:47   Bertsolaritzea

Manurgako aterpetxean batuko dira 10 eta 13 urte arteko neska-mutilak.

Araban, Gorbeiako tontorraren gerizpean bizi diran gazte bertsozaleek alkarregaz ondo pasetako aukerea izango dabe bagilaren 22tik 24ra, Arabako Bertsozale Alkarteak eta Gorbeialdeko Kuadrilleak antolatutako abentureari esker. Manurgan ipini dabe aurtengo bertso abenturearen hitzordua, eta izena emoteko epea zabalik dago, bagilaren 11ra arte.

Udabarrian egin beharreko barnetegia ez antolatzea erabagi eben Arabako bertsozaleek, osasun egoerearen erruz, baina udako bertso abentureagaz aurrera egitea pentsau dabe. 10 eta 13 urte arteko neska-mutilak batuko dira Manurgako aterpetxean, eta jarduera ugari egingo ditue: eskualdea ezagutzeko ibilaldiak, bertsolarien bisitak, olgetak... 

Gorbeialde inguruko gazteentzat da bertso abenturea, hau da, Legutio, Aramaio, Zigoitia, Zuia, Arrazua-Ubarrundia eta Aramaioko udalerrietakoentzat. Parte-hartzaileek behar izan ezkero, Manurgara joateko autobusa ipiniko dabe antolatzaileek lehenengo egunean, eta euren herrira bueltetakoa azken egunean. 

Izena emoteko internetera jo behar dabe interesdunek, lotura honetara. Bagilaren 11ra arte dago astia, eta, behin eskabidea onartuta, hil horren 11tik 18ra egingo da matrikulea. Prezioa 45 euro da. Zalantzarik izan ezkero, Arabako Bertsozale Alkarteagaz (945 010 505) edo Gorbeialdeko Kuadrillako Euskera Zerbitzuagaz (945 430 167) bat egitea da onena. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu