Ia 200 ikertzaile batuko dira III. Ikergazten
2021-05-27 08:34 KultureaHitzordua Gasteizen izango da bagilaren hasieran.
Prentsaurrekoan, Iñaki Gurtubaik, Vitoria-Gasteizko Udaleko alkateordeak eta Euskera zinegotziak; Lexuri Ugartek, Arabako Foru Aldundiko Euskera Zuzendariak; Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak; Inma Arostegik, EHU/UPVko Ikerketa errektoreordeak eta Olatz Arbelaitzek, Ikergazteko zuzendariak parte hartu
dabe.
Bagilaren 9, 10 eta 11an Gasteizen egingo dan Ikergazte kongresuan 200 ikertzailek parte hartuko dabe alkar ezagutu eta euskerazko produkzino zientifikoa sustatzeko helburuari eusiz. Danetara, 150 artikulu zientifiko aurkeztuko dira eta antolatzaileek erantzun handikoa izango dala aurreikusi dabe. Hiru egunetan zehar nazinoarteko ikertzaileen berbaldia, mahai-inguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak atondu ditu UEUk.
Iñaki Gurtubaik, Vitoria-Gasteizko Udaleko alkateordeak eta Euskera zinegotziak emon deutso hasierea prentsaurrekoari: Euskerazko ikerkuntza eta hezkuntza ekimenak babestea Gasteiz lako uri batentzako oso pozgarria da. Euskadiko uriburuaz gan, euskerearen uriburua be izan gura dogu eta, horretarako, Ikergazte lako kongresu erreferenteak gurean egitea sano garrantzitsua da.
Lexuri Ugartek, Arabako Foru Aldundiko Euskera Zuzendariak be Ikergazte kongresuaren balioa azpimarratu eta Arabak azken urteotan euskerearen esparruan egin dauen lana balioan jarteko ekimen ezin hobea dala aitatu dau.
Kepa Sarasolak, UEUko Zuzendariak, UEUrentzat egitasmo honek dauen garrantzia azpimarratu dau: Ia 50 urteko ibilbidean, UEUren helburu garrantzitsuenetakoa izan da euskal komunidade zientifiko-intelektuala sendotzea. Alkarren barri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin daian, euskeraz lanean gabizan ikerlariak hain sakabanatuta egonda. Gaur egun ikertzaile euskaldunak inoiz baino gehiago dira eta euren arteko eta lanen ezagutzea bideratzeko asmoz atondu genduan 2015ean lehen aldiz Ikergazte kongresua Durangon, bigarren aldiz 2017an, Iruñean eta hirugarren aldiz 2019an Baionan. Edizino bakotxean 150 ikertzaile baino gehiagok parte hartu dabe eta argi geratu zan holako foro bat beharrezkoa zala. Dagoeneko gune erreferentziala da ikertzaile euskaldunentzat eta erantzun bikain horren atzean dago unibersidade eta erakundeakaz egiten gabizen bide oparoa, #ElkarEkin.
Inma Arostegi, EHU/UPVko Ikerketa Errektoreordearen esanetan, gure hizkuntzeak terminologia zientifikoa, bibliografia, material didaktikoa eta, batez be, euskerea lanean erabiliko daben ikertzaileak behar ditu. Euskal Herriko Unibersidadeak eta Udako Euskal Unibersidadeak alkarlan handia egin dabe hori guztia sortzeko. Eten barik doa gure hizkuntzea ikerketan be bidea egiten.
Olatz Arbelaitzek, kongresuko zuzendariak aurtengo antolakuntza ez dela batere erraza adierazo dau: COVID-19a dala eta sortutako osasun krisiak zailtasunak jarri deuskuz. Momentu askotan kongresua aurrez aurre atontzeko idea dudan jarri bada be, argi izan dogu Ikergazteren izakereak presentzialtasuna eskatzen ebala, hau da, beste helburu batzuen artean ikertzaile gazteek alkar ezagutzea dauen kongresua ezin zan n urruneko moduan egin. Burukominak ugari izan dira eta B plana be landu behar izan dogu, baina autortu behar dot, aurtengo ekitaldirako hautatutako uria Gasteiz izateak eta Europa Biltzar Jauregian antolatzeak erraztu dauela dana.
Arbelaitzek aurreko edizinoetako helburuei eutsiz, bidea urratzen segiduteko asmoz datozela adierazo dau: Ikertzaile gazteek egiten daben nazinoarte mailako ikerkuntzea etxean ezagutu daitela gura dogu eta ikertzaileei Gasteiz eta inguruak ezagutzeko aukerea be emon gura deutsegu. Aurten sekula baino ekarpen gehiago jaso dogu, 163, eta gainbegiratze-prozesua gainditu daben 150 lan aurkeztuko dira kongresuan: 58 ahozko aurkezpen eta 92 poster. Ezin aurrera egin beraz, jasotako lan guztiak zintzotasunez barrikusi dituen batzorde zientifikoko kideei eskerrak emon barik.
Giza Zientziak eta Artea :18
Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea : 39
Zientzia Zehatzak eta Natur Zientziak : 42
Injinerutzea eta Arkitekturea : 24
Osasun Zientziak : 27
Ikergazteko Zuzendariak nabarmendu dau jakintza-alor bakotxeko lanik onenari saria emongo jakola kongresuaren azken egunean, Gasteizko Udalaren eskutik. Era berean, sari berezi bat be egongo da, Udalbiltzak emongo dauena, Euskal Herriko garapenean eragin handiena izango dauen ikerketea aintzat hartuko dauena.
Ikertzaileei jagokenez, aurreko edizioetako joera mantendu da. Jasotako komunikazioen artean Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) da maizen aipatu dena eta ondoren Mondragon Unibertsitatea, aurreko edizioetako ekarpen kopurua bikoiztuz. Horiez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Bordeleko unibertsitatea, University of Illinois at Urbana-Chamapaign, Vic-eko Unibertsitatea eta Granadako Unibertsitateko lanak ere kongresuan egongo dira. Hauez gain unibertsitateei atxikitako ikerketa-zentroak eta taldeak ere aipatzen dira beste argitalpen askotan. Ildo honetatik nabarmentzekoa da, aurtengo edizioan 14 ikerketa talde laguntzaile izango direla, aurreko ekitaldietako kopuruaren bikoitza.
Arbelaitzen esanetan zenbakiek adierazten dute oso pozik egoteko arrazoiak dituztela, IKERGAZTE ekimen arrakastatsu eta erreferentzia bilakatu dela adierazten baitute: “Zalantzarik ez dugu alor desberdinetako ikertzaileek besteen lanak ezagutzeko aukera izango dutela, eta aurretik gertatu den bezala, ziurrenik elkarlan berriak ere sortuko dira bertatik”.
Edizio hau COVID-19a dela eta sortutako osasun krisiari egokituta antolatu behar izan dute, eta betiko espiritua mantenduko duten arren, osasun neurri zorrotzek baldintzatuta egongo da eta horrek egitaraua zertxobait moldatzera behartu ditu, baina aurreko edizioetakoa bezain interesgarria aurreikusten dutela adierazi du Olatz Arbelaitzek.
Egitaraua
Eguaztena, bagilak 9
08:10-09:00 Harrera mahaia edegiko da.
09:00-09:30 Harrera ekitaldia eta ondoetorria.
09:30-10:30 Berbaldia: What is feminist research in art history? (Middlesex Unibersidadea).
10:30-11:15 Berbaldia: Hizkuntza teknologiaren bilakaera: IXA taldearen esperientzia. Erabili zientzia gure gizartearen alde. Arantza Diaz de Ilarraza (UPV/EHU, UEU).
11:15-12:00 Deskantsua
12:00-14:15 Mikroaurkezpenak.
14:15-16:15 Bazkari etena
16:15- 17:50 Barriketaldia: Ezagutzearen dibulgazinoa, ahalduntzeko tresnea.
18:00-20:00 Saio osogarriak
Gasteiz eta Arabako historia, herri mobimentuak eta euskalgintzako eragileak ezagutzeko aukerea.
Eguena, bagilak 10
09:00-10:00 Berbaldia: Datuen zientziak COVID-19aren aurkako borrokan. Nuria Oliver (Telekomunikazino injinerua eta Inteligentzia Artifizialeko doktorea).
10:00-11:15 Mikroaurkezpenak
11:15-12:00 Atsedenaldia
12:00-14:15 Ahozko aurkezpenak
14:15-16:15 Bazkaria.
16:15- 17:50 Mahai-ingurua: “K++: Koronabirus osteari buruz esandakoei atzera begiradea”
18:00-20:00 Saio osogarri berezia eta afaria.
Barikua, bagilak 11
09:00-10:00 Berbaldia: Biomaterial eta material biologikoen propietate fisikoak. Eneko Axpe (Marie Curie doktore osteko ikertzaile bekaduna Stanford University-n, NASA, UPV/EHU)
10:00-11:15 Mikroaurkezpenak.
11:15-12:00 Deskantsua.
12:00-13:30 Sari banaketea eta amaierako ekitaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!