Sardinerak protagonista, Gotzone Butron eta Kike Infameren liburuan

Bizkaie! 2021-05-26 13:48   Kulturea

Lanbide horretan ibilten ziran andren bizimodua gazteei hurratzea da asmoa. 

Begoña de Ibarra, Kike Infame eta Gotzone Butron (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Personaia eta jarduera herrikoi, folkloriko edo tradizionalak gazteei erakusteko, Ipuinak bildumea sortu eban Bizkaiko Foru Aldundiak 2017an. Sardinerak izenekoa bilduma horretako bosgarren album ilustradua da, eta, izenburuak dinoan legez, sasoi baten sardinak saltzen ibilten ziran andrak dira protagonista. Gotzone Butronek idatzi ditu liburuko testuak, eta marrazkiak Kike Infamerenak dira. 

Foru Aldundiko Kultura zuzendari Begoña de Ibarra izan da liburua aurkezteko ekitaldiaren buru, Bilboko Euskal Museoan. Beragaz batera egon dira autore biak, Gotzone Butron eta Kike Infame. 

Album ilustradu honen helburua da sardineren lanbidea, historia eta bizimodua modu informal, atsegin eta dibulgatiboan erakustea, batez be gazteak gogoan. Sardineren lan gogorra Bizkaiko memoriaren parte bihurtu da, batez be kostaldean edo Bilboko Itsasdadarraren ertzean. 

Album ilustradua hiru hizkuntzatan dago: euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Foru Liburutegian eta Euskal Museoan erosi leiteke (biak dagoz Bilbon), eta, bestela, internetez be egin leiteke eskaria, hemen.

Ipuinak bildumako bosgarrena da Sardinerak. Aurreko lau liburuetan, Gargantua, Marijaia, Erraldoiak eta Eskarabillera izan dira protagonistak, hurranez hurran. 

Gotzone Butron (Urduliz, 1965) Filosofian lizentziaduna da, eta, gaur egun, Bilboko Abusu auzoan liburuzain dabil. Literaturan lan ugari idatzitakoa, Argihizkia (2017), Lanbro Beltza (2018) eta Gargantua (2019) lehiaketetan sariak irabazi ditu. 

Kike Infame (Bilbo, 1975) ilustratzailea, diseinatzaile grafikoa eta komikigilea da. Lan kolektibo eta aldizkari ugaritan ikusi leiteke bere lana, baita El hombre que vino del cielo eta Quattrocento albumetan be, besteak beste. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu