'Konstituzino Kontseiluaren erabagiak ez dau apalduko euskaltzaleen konpromisoa euskerea bizibarritzeko'
2021-05-26 13:17 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiak zapatuan Baionan egingo dan manifestazinoan parte hartzeko deia egin dau.
2021eko apirilaren 8an, Frantziako Asanblea Nazionalak Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea onartu eban gehiengo handiz. Euskaltzaindiak aurrepausua zala adierazo eban baina ardurea be agertu eban Frantziako Asanblea Nazionaleko hiruretan hogeita bat diputaduk Frantziako
Konstituzino Kontseiluan aurkeztutako helegiteagaitik.
Zoritxarrez, maiatzaren 21ean, Konstituzino Kontseiluak ebatzi eban lege barri horren artikulu bi Frantziako Konstituzinoaren kontrakoak dirala, laugarren artikulua, murgiltze ereduari buruzkoa eta bederatzigarren artikulua, eskualdeetako hizkuntzen ikur diakritikoei buruzkoa. Frantziako Asanblea Nazionalean diputaduen gehiengo zabal batek onartutako Molac diputadu bretainiarrak sustatutako legearen artikulu biak ezabatzearen arrazoia Frantziako Konstituzinoaren 2. artikulua izan da, ezartzen dauelako Errepublikako hizkuntzea frantsesa dala. Betidanik, Konstituzinoaren artikulu hori erabili izan da eskualdeetako hizkuntzen aldeko aurrera pausuetan enbarazu egiteko, hizkuntza horreek bigarren mailako hizkuntzatzat hartuz.
Euskaltzaindiaren Zuzendaritzearen eretxiz, Konstituzio Kontseiluak hartutako erabagia salatu egin behar da, frantsesaz gan, bestelako hizkuntzak erabilten dituen herritarrak baztertzen ditualako eta hizkuntza gitxiagotuak bizibarritzearen alde dabizen erakunde, alkarte eta personen eginahaletan trabea diralako. Horregaitik, Euskaltzaindiak datorren zapatuan, maiatzaren 29an, Baionan deituta dagoan manifestazinoan (Lauga Gela, 16:00) parte hartzeko dei zabala egin dau. Era berean, Euskaltzaindiak uste dau Konstituzino Kontseiluaren erabagiak ez dauela apalduko euskaltzaleen konpromisoa euskerea bizibarritzeko. Holan, Euskaltzaindiak lan egingo dau hizkuntza gitxiagotuen, kulturen eta aniztasunaren alde arduratzen diran danakaz, hizkuntza horreen legezko babesa hobetzeko eta egiazko autortzea eskuratzeko.
Euskalgintzearen Kontseilua
Euskalgintzearen Kontseiluak bat egin dau maiatzaren 29rako Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileek eta instituzinoek deitu daben manifestazinoagaz eta bertan parte hartzeko deia egin dau.
Aurreko barikuan esan bezela, Kontseiluak onartezintzat jo dau Konstituzino Kontseiluaren erabagia. Horren aurrean, txalotu nahi dau eragileek eta instituzinoek erakutsitako batasuna. Estrategia bateratuak eregiteko bidea jorratu nahi da eta gizarteak holako bidebakokeriak onartzen ez dituala ikustarazoteko, zapatuan Baionako kaleak beteteko deia egin dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!