Xabier Salaberriaren argazkiak eta instalazinoak, Gasteizko Artium Museoan
2021-05-26 09:44 KultureaEspazioak begiradea baldintzatzeko dauen gaitasuna aztertu dau artista donostiarrak.
Gasteizko Artium Museoak Xabier Salaberriaren Arkitektura bako erakusketa bat izeneko erakusketea zabaldu dau, artista donostiarraren gaur egungo hainbat sorkuntza eta orain dala urte batzuetakoak buztartzen dituana. Urriaren 3ra arte ikusi ahal izango da, A1 aretoan.
Hamaika obra-moltsotan banatuta dago erakusketea, arkitekturearen eginkizuna, paisajea eta lurraldearen irudikapena aztertzeko asmoz. Salaberriak, batez be, argazkiak, instalazinoak eta objektuak erabilten ditu. Pieza bakotxak bere logikea dau, baina alkarregaz lotuta dagoz, espazio beraren parte diran ezkero.
Hain zuzen be, espazioa da Salaberriak erakusketa honen oinarrian jarri dauen kontzeptua, portaeran eta begiratzeko moduetan espazioak dauen eraginean, hain zuzen. Izenburuak dakarren ukazinotik hasita, egileak lehen plano esanguratsu batera dakarz espazioa, haren hormak, altuerak eta ibilbideak.
Eskulturea, diseinua, arkitekturea eta espazioaren antolaketea dira artistearen laneko arlo nagusiak. Artiumen ipini dauen erakusketa honetan be, espazioa interpretetan dau aretoetan ibilbide-sistema bat marraztuz, museografiaren alderdi teknikoen, arkitekturearen funtzinoen eta paisajearen eta lurraldearen irudikapena helburu.
Erakusketeari izena emoten deutsan instalazinoa panel modularrez eginda dago, eta bertan agiri dira irudiak, planoak eta proiektuen zirriborroak. Ikusgai dagozan beste obra batzuk dira r de radio, 2020an egindako instalazinoa, eta Bézier (2020), aluminiozko zortzi xafla batzen dituana.
Artistearen ibilbidearen aurreko garaietako argazki batzukaz batera, Agiñan egindako bost irudiko friso bat be badago (Serie friso Oteiza, 2021). Jorge Oteizak Aita Donostiaren oroimenez egin eban monumentuaren gainazaleko eta ertzeko gorabeherak agiri dira argazkiotan.
Beatriz Herráez eta Enrique Martínez Goikoetxea dira erakusketako komisarioak. Argitalpen bat be plazaratu dau Artiumek, Lars Bang Larsen idazle eta arte historialariaren testuez horniduta.
Xabier Salaberriak (Donostia, 1969), formakuntza artistikoa Artelekun egin eta gero, egonaldi ugari egin ditu atzerrian. Hortaz, bertoko eta kanpoko artista handien alboan hazi da. Sao Paulon, Madrilen eta Leipzigen egin ditu erakusketak, Bilboko galerietan be sarri ikusi dira bere lanak, eta 2013an Guggenheimek egin eutsan lekua. Gure Artea Saria emon eutsen 2008an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!