Udako egonaldiak antolatu ditu AEK-k

Bizkaie! 2021-05-26 08:36   Euskerea berbagai

Arantzan, Foruan eta Urepelen izango dira.

Foruko barnetegikoen txangoa (argazkia: AEK) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikasteko, txangoak eta jarduerak egiteko, lagun barriak ezagutzeko eta, azken baten, egun osoan euskeraz bizitzeko modua izango dabe udako barnetegietan parte hartzen dabenek, AEK-k agindu dauenez. Urtero legez, hainbat txanda eta mailatan banatuta dagoz egonaldiak. Izena emoteko epea zabalik dago.

Ingurune euskaldunean eta naturaz inguratuta dagoz egonaldietako egoitzak: Nafarroan, Arantza; Bizkaian, Forua; eta Nafarroa Beherean, Urepele. Hego Euskal Herriko bietan, bost txanda egongo dira, garagarriletik irailera (A2.2-B1-B2-C1 mailak). Urepelen txanda bi antolatu ditue (A1-A2-B1-B2-C1 mailak).

Horrezaz gan, beren-beregi azterketak preparetako barnetegia be izango da aukeran, mailaren bat egiaztatzeko probea egin behar dabenentzat (B2 eta C1/EGA). Edukiz bereziak izango da egonaldiotako programazinoa, azterketak gogoan. Arantzan egingo dabe, abuztuaren 16tik 29ra. 

Beste alde batetik, Zuberoako euskerea lantzeko barnetegi berezia antolatzea erabagi dau AEK-k, jente askok zubererea hobeto ezagutzeko gogoa izaten dauelako, Hego zein Euskal Herrikoek. Mendikotan egingo dabe barnetegia, garagarrilaren 26tik 30era. 

Informazino gehiagorako edo izena emoteko, AEK-ren euskaltegietara joteaz gan, udabarnetegiak@aek.eus helbidera idatzi edo 946 464 000 zenbakira deitu leiteke.

Bilboko kaleetan

Udako jarduerak hasi baino lehen, aurtengo ikasturteari agur esateko ekitaldiak be antolatuko ditu AEK-k. Ohar baten adierazo dauenez, guztiz ez ohikoa izan dan ikasturtea amaitzear dala, ikasleek ondo merezia dabe jai giroa euskeraz, eskertzekoa dalako ikasten jarraitzeko egin daben ahalegina, pandemiak ezarritako neurriak errespetau behar izanda be.

Hortaz, eguenean, maiatzak 27, Bilboko kaleak hartuko ditue AEK-ko kideek. Goizez, uriaren erdialdeko auzoetan ibiliko dira, eta, arratsaldean, Santutxun. Egitarauari ekiteko, Bea Egizabalen umorezko bakarrizketea entzun ahal izango dabe parte-hartzaileek, Indautxu plazan. Arratsaldean, era guztietako jokoak antolatuko ditue Basarrate plazan, baita Old Berri Band taldearen kontzertua be. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu