Arratian, enpresek be euskeraz egin deien, bueltan da Eusgara
2021-05-26 08:08 Euskerea berbagaiErrota Fundazinoak bultzatutako ekimena da.
Arratia eskualde euskalduna dan arren, euskereari kosta egiten jako enpresetako ateak zeharkatzea. Horregaitik, Arratiako garapen sozioekonomikoa sustatzea helburu dauen Errota Fundazinoak EusGara proiektua ipini eban martxan 2018. urtean. Asmoa argia zan: Arratian, enpresetan be euskeraz egitea bermatzea, izan be, eskualdean 10 langiletik gorako 79 enpresa dagoz eta horreetan 2.317 beharginek egiten dabe behar. Euskerearen erabilerea sustatzeko eremu estrategikoa danez, Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso dau EusGara proiektuak. Kudeaketea Errota Fundazioak egiten dau eta martxan jarri ebenetik Ahize-AEK aholkularitza enpresea dabil egitasmoa jorratzen.
Erakundeek egitasmoa sustatzeko hitzarmena barritu eta asteotan barriro be martxan jarri da EusGara. Orain arte Arratiako 20 enpresek hartu ditue euskera gehiago erabilteko konpromisoak eta auto tailerretara be zabaldu da euskerea sustatzeko aukerea. Helburua da enpresa gehiagotara heltzea, horreen artean 100 behargin baino gehiago dituen lantegietara. Horretarako, instituzinoen babesa izango dau proiektuak.
EusGarak, beharleku bakotxean diagnostikoa egin ondoren, euskerea enpresan txertatzeko proposamen egokituak egiten ditu, ondoko dobako zerbitzuak eskainiz: hizkuntza aholkularitzea, testuen itzulpenak eta zuzenketak, webguneak euskeratzea eta langileek euskeraz berba egiteko formazino zein motibazino saioak,
euskerea lanerako tresna bihurtzea, hain zuzen be.
Enpresetan euskerea sustatzeko, etorkizuneko beharginak ardatz izango diranez, Zulaibar Lanbide Heziketako ikastetxeagaz lankidetzan dabil EusGara proiektua eta horri esker, bertako ikasleek eskualdeko enpresaren batean praktikak egin behar dituenean, euskeraz egiteko bitartekoak jarten ditue enpresen eskura. Era horretan, apurka-apurka euskerearen presentzia gero eta beharleku gehiagotara zabalduko da.
EusGara, zergaitik?
Pandemiak eragindako egoera barri honetan, personek, komunidadeak eta zero kilometro kontzeptuak berebiziko garrantzia hartu dabe. Esangura horretan, euskereak gauzak egiteko eta munduan egoteko geure-geurea dan modu bat eskaintzen dau: kalidadea, hurrekotasuna, jagoletzea, bertakotasuna, identidadea... Euskereak balioa emoten deutse produktuari, lan-hartu-emonei eta bezeroagaz enpresek daben komunikazinoari, Arratia eskualdeari.
Euskereak balioa emoten deutse enpresei eta bezeroen atxikimendua lortzeko oinarrizkoa da. Bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko be ezinbestekoa da enpresetan hizkuntzen kudeaketea egitea. Horregaitik guztiagaitik, EusGarak ahalegin berezia egingo dau aurten euskerea eskualdeko enpresetara zabaldu daiten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!