2021eko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa maiatzaren 29an jokatuko da

Bizkaie! 2021-05-25 09:38   Bertsolaritzea

Lesakako Harriondoa Kultur Etxean izango da saioa, 17:00etatik aurrera, doban.

14 eta 18 urte bitarteko hamaika bertsolari gaztek hartuko dabe parte maiatzaren 29an Lesakan jokatuko dan Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako 35. edizinoan. Lesakako Harriondoa Kultur Etxean izango da saioa, 17:00etatik aurrera, doban. Aretoaren edukierea % 50ekoa izango da.

Ainhoa Arrizabalaga Sanchez (Iruñea), Amaiur Goñi Elortza (Bera), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Bittori Elizalde Soto (Iruñea), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Etxahun Azkarraga Fernandez (Etxalar), Harriet Artieda Diez (Etxarri-Aranatz), Iraia Agirre Azkarate (Altsasu), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Oinatz Zelaia Gorrotxategi (Bakaiku) eta Olatz Bados Ganuza (Altsasu) izango dira Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 35.edizinoan kantauko daben hamaika bertsolariak.

Ainhoa Larretxeak aurkeztuko dau saioa eta Aimar Sagastibeltza, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena izango dira saioko epaileak.

Txapelketeak fase bi izango ditu:

Lehenengo fasean bertsolari guztiak sartuko dira eta honako hau da egin beharko daben lana:

 Lau oinak emonda bertso bana osotu.
 Ameirea emonda bertso bana osotu.
 Hitza gaitzat hartua bertso bana osotu.
 Gai orokorra emonda, 5 puntuko bertso bana osotu.

Hortik, lau bertsolari sailkatuko dira bigarren faser, eta honako hau da sailkatuek egin beharko daben lana:

 Zortziko handian, ofizioka, bina bertso.
 Kartzelako lana:

o Puntu bati erantzunez bertso bat.
o Gaia emonda bertso bat.

Lan guztiak eginda puntu gehien batzen dituen bertsolariak jantziko dau aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari.

Sarrerak

Sartzea doban da eta nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatziz erreserbau behar da.

Nafarroako Bertso Eskolen eguna, maiatzaren 29an Lesakan

Nafarroako gazteen Bertso Eskolek euren eguna ospatuko dabe maiatzaren azken zapatuan, Lesakan. Nafarroa osoko 9 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartuko dabe bertan eta Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketeak emongo deutso amaierea egun osoko egitarauari.

Ikasturte amaiereagaz batera izaten da Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna: Goizean mendi ibilaldi bat eginez ekingo deutse egunari eta ondoren, herrian bazkalduko dabe, hartu-emonak sustatzeko. Azkenik, Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatuko da Lesakan bertan.

Kontuak kontu, Bertso Eskolen Egunak, Nafarroako Bertsozalek atondutako beste hainbat jarduerak bezelaxe, Bertso Eskolen sarea osotzen daben gazteen arteko hartu-emonak bultzatu eta alkar ezagutza sustatzeko helburua dau, modu horretan, aisialdiari aparteko garrantzia emon gura deutso Nafarroako Bertsozale, transmisinoko beste erpin bietan (Hezkuntza Arautuko egitasmoan eta Bertso Eskoletan) egiten dan lana osotzeko balio dauela ulertuta.

Egun, 18 urtetik beherako 200 ikasle inguru dabiz Nafarroako ume eta gazteen Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritzea lantzen, 30 taldetan. Horretarako, irakasle sare zabal eta prestua dau Nafarroako Bertsozalek, astean behin, bertsogintzearen oinarriak eta irakaspenak jasoteagaz batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak jorratzen ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu