'Hostopostoak', familiek euskeraz olgau deien

Bizkaie! 2021-05-25 09:40   Euskerea berbagai

Bilbon, Euskerearen Etxean egingo ditue jarduerak, hileko azken zapatuetan.

Pandemiak ekarri dituan ondorio txar guztien artean, euskerearen erabilerearena be badago, ikastetxeetako jarduna mugatu zanean euskeraz berba egiteko espazioak be galdu zituelako ume eta familia askok. Hortaz, Bilboko Euskerearen Etxeak aisialdiaz euskeraz gozetako programea ipini dau martxan, Hostopostoak, 4 eta 10 urte bitarteko umeentzat eta hareen familientzat. 

Euskerearen erabilerea indartzea, familia barruko loturak sendotzea eta olgeta kooperatiboak sustatzea dira ekimen barriaren helburu nagusiak. Saioak hileko azken zapatuetan egingo ditue, lehenengoa maiatzaren 29an, Euskerearen Etxean bertan. Egun bakotxean hiru txanda egongo dira. Erreserbak (doban) 94 402 80 81 telefono zenbakian egin behar dira. 

Hostopostoak saioetan, ume eta familientzako esperientzia dibertigarriak antolatzea da asmoa, familian gozau eta aisialdiko jarduerak euskeraz egiteko aukerak emonda. Euskerearen balioa, errespetua, entzutea, alkarrizketea, sormena eta irudimena landu nahi doguz, dinoe Euskerearen Etxekoek. 

Horretarako, olgeta kooperatiboak aukera ona dirala uste dabe, parte-hartzaile guztien irudimena eta ahalmen sortzailea sustatzen diralako. Ume eta gaztetxuak olgetako espazioak behar-beharrezkoak dituela dinoe antolatzaileek, ikaskuntzarik garrantzitsuenak bizitzako lehen etapetan eskuratzen diralako

Hizkuntza ohituretan eragiteko beharrari jagokonez, Euskerearen Etxekoek zera azaldu dabe: pandemian, ikastetxeak itxi ziranean, ume eta gazte askok euskereagaz euken loturarako esparru bakarra ikaragarri txikitu zan, ikasle askoren euskerearen erabilerea etxeko online saioetara mugatu zalako. Hartara, euskerearen erabilerea nabarmen urritu da. Ganera, aisialdi, kultura eta ikuskizunen eskaintzea be gitxitu da, eta euskaldunon komunidadearen sakabanaketea areagotu.

Argibide gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu