Hemen da 'Txakomic', Bizkaiko txakolina komikiagaz buztartzen dauen ekimena

Bizkaie! 2021-05-24 09:45   Kulturea

Zazpi komikiek gidoilari bera izango dabe, Mikel Begoña eta hainbat ilustratzaile.

Txakolingunea gidatutako proiektuak txakolina eta komikia hiru ekimenetan kokatzen ditu: Komikiaren mundua eta txakolinarena buztartuko dituan hainbat jarduera eskainiko ditu Txakomic-ek. Gainera, bi hilean behin Bizkaiko txakolinaren tradizinoari buruzko istorio bat argitaratuko da: Danetara, zazpi istorio izango dira 2022ko abenduan argitaratuko dan "Istorioak txakolinagaz" liburua osotuko dabenak. Aldi berean, Bizkaiko txakolinaren historia kontauko dauen bigarren liburu bat argitaratuko da, komiki bersinoan. "Txacomic" Bizkaiko Txakolinak, Mendibile Jauregia eta Jata-Ondo Landa Garaperako Alkartearen alkarlanari esker datorren proiektua da.

Bakioko Txakolin Museoa - Txakolingune-ak, Bizkaiko Txakolina, Jata-Ondo eta Mendibile Jauregiagaz batera, ‘Txakomic’ aurkeztu dabe, txakolinaren tradizinoa eta komikia buztartzen dituana. Lorea Bilbao, Euskera, Kultura eta Kirol diputadua, Maider Zalduondo, Bizkaiko Txakolinaren izenean, Ion Gorka Elgezabal Jata, Ondoko presidentea eta Kike Infame eta Mikel Begoña komisarioak izan dira aurkezpenean.

Ekimena Txakolin Museoa -Txakolingunearen, Mendibile Jauregiaren, Bizkaiko Txakolinaren Jatorri Izendapenaren Kontseilu Arautzailearen eta Uribe Jata Ondoko Landa Garapeneko Alkartearen arteko lankidetzatik sortu da, Bakioko Txakolingunearen 'Komikia' erakusketan oinarrituta. Holan, Bizkaiko txakolinaren tradizinoa eta komikiaren artea lotzeko prozesuaren ondorioz sortu da proiektua. Ekimenaren helburua herritarrei buztartze barriak erakustea da, kasu horretan edariaren eta marrazkiaren artean.

Jarduerak txakolinaren inguruan

Bakioko Txakolinguneak eta Leioako Mendibile Jauregiak, Jata-Ondo eta Bizkaiko Txakolinaren babesari esker, hainbat jarduera atonduko ditue komikiaren mundua txakolinarenagaz lotzeko; esangura horretan, bagileko lehen bi astegoienetan, Leioako Mendibile Jauregiak (bagilak 4, 5 6, 12 eta 13) eta Bakioko Txakolinguneak (bagilak 5, 6, 12 eta 13) egitarau zabala eskainiko dabe helduentzako eta umeentzako jarduerakaz, besteak beste, museoko erakusketarako bisita gidatuak eta marrazketa analogiko eta digitalari lotutako tailerrak, zuzeneko karikaturak, showcooking-ak, marrazketa eta dastaketaren arteko fusinoa, komiki tiren tailerrak, kamisetak egitea eta kristaletan margotzea. Gainera, jarduera berezi lez 'Basoko bozeroaileak' nabarmendu ditue, sensoreak parra baten sustraietara konektauta esperientzia musikala eskaintzeko.

`Istorioak txakolinagaz’

'Txakomic'-ek txakolina familiako eta anaitasun historia ezbardinen haria bihurtu dau, txakolinari ez eze, txakolina jaioten dan testuinguruari be balioa emoten deutsen gidoiak. Holan, `Istorioak txakolinagaz’ izeneko tiradea sortuko da, 2021 eta 2022 bitartean (2021eko maiatza, abuztua, urria eta abendua eta 2022ko zezeila, apirila eta bagila) argitaratuko diran bi hilean behingo zazpi komikigaz.

Lehen istorioa aurtengo maiatzean argitaratuko da eta, holan, 2021ean eta 2022an sei istorio gehiago argitaratuko dira, 2022ko abenduan liburuki bakarrean batuko diranak. Istorioak txakolinagaz osotuko daben zazpi komikiak banaka eta kronologiarebn arabera argitaratuko dira www.bizkaikoa.bizkaia.eus eta www.bizkaikotxakolina.eus helbideetan.

Istorioak txakolinagaz eratuko daben zazpi kapituluko liburukia beste belaunaldi batzuei txakolinaren izakerea transmitiduten lagunduko deutse: Zazpi komikiek gidoilari bera izango dabe, Mikel Begoña eta hainbat ilustratzaile eta horrek askotariko emoitza grafikoa erakutsiko dau.

Txakolinaren historia

Bigarren argitalpena 2022ko abenduan argitaratuko da, Txakolinaren historia liburua, Bizkaiko txakolinaren historia hasieratik gaur egunera arte komikiaren bidez islatzen saiatuko da, modu dibertigarrian baina zorroztasun historikoari eutsiz.

Argitalpena Txakolinaren Museoa - Txakolingunearen parte izango da eta beste belaunaldi batzuei txakolinaren izakerea transmitiduten lagunduko deutse.

Komikia erakusketea

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Kike Infame eta Mikel Begoñan komisarioek atondutako Komikia erakusketeak euskal komikigintzearen azken urteetako historia aztertuko dau: 1975etik gaur egunera arte euskal komikigintzearen historiako momentu nagusiak ezagutzeko eta erakusteko sortu da erakusketea.

Erakusketa hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Ibiltari erakusketa ibiltarien programakoa da eta Bakioko Txakolin Museoan egongo da ikusgai bagilaren 27ra arte.

Informazio gehiago hemen. webgunean www.bizkaikoa.bizkaia.eus/txakolingunea edo helbide honetan txakolingunea@bizkaia.eus

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu