Zapla bertso zirkuitua Gipuzkoara helduko da

Bizkaie! 2021-05-24 10:40   Bertsolaritzea

Maiatzaren 29tik garagarrilaren 2ra, sei saio antolatu ditue beste horrenbeste herritan.

Eskolarteko txapelketea amaitzear dagoanez, Gipuzkoako Bertsozale Alkarteak gazteei plazak emoteko beste ekimen bat antolatu dau, herrialdeko bertso eskola eta bertsolariakaz alkarlanean. Maiatzaren 29an hasiko da Zapla bertso zirkuitua, eta, garagarrilaren 2ra arte, sei saio izango dira.

Euren ibilbidea hasi barri daben bertsolari gazteentzako plazak antolatzea eta bertsolari beteranoagoen alboan kantetako aukerea emotea dira Zaplaren helburu nagusiak. Horregaitik, saio bakotxean hiru bertsolari gaztek eta ibilbide luzedun beste batek kantauko dabe. 

Bederatzi bertsolari gazte aukeratu ditue Zaplan parte hartzeko: Maddi Aiestaran, Julene Iturbe, Asier Ibarguren, Iker Ormazabal, Oihana Arana, Uxue Alkorta, Haizea Arana, Ane Beloki eta Aner Euzkitze.

Plazaz plazako jardunera heldu arteko etapan dagozan bertsolari gazteek, sarri, euren inguruko bertso eskoleak antolatutako saioetan kantetako aukerea izaten dabe, baina hortik kanpoko zirkuituan sartzea kostau egiten jake, azaldu dau Gipuzkoako Bertsozale Alkarteak. Gazteek plazan dabizan bertsolariakaz kantau eta euren gogoetak plazaratzeko aukerea izan deiela da asmoa.

Zaleentzat eta bertsolarientzat, beraz, proposamen polita da Zapla. Hona hemen sei saioak:

- Maiatzaren 29an, Eskoriatzako Museoko Jardinean (18:00): Maddi Aiestaran, Julene Iturbe, Asier Ibarguren eta Onintza Enbeita.

- Bagilaren 6an, Azkoitiko Abaraxkako aretoan (18:00): Iker Ormazabal, Oihana Arana, Uxue Alkorta eta Miren Amuriza.

- Bagilaren 12an, Hernaniko Milagrosan (19:00): Haizea Arana, Ane Beloki, Aner Euzkitze eta Sustrai Colina.

- Bagilaren 18an, Zarauzko Torreoian (18:30): Asier Ibarguren, Ane Beloki, Oihana Arana eta Beñat Gaztelumendi.

- Bagilaren 25ean, Legazpiko Agirre-Etxeberri parkean (19:00): Aner Euzkitze, Maddi Aiestaran, Julene Iturbe eta Ane Labaka.

- Garagarrilaren 2an, Beasaingo Igartza jauregian (19:00): Uxue Alkorta, Haizea Arana, Iker Ormazabal eta Nerea Elustondo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu