Martin Abarrategi eta Manex Agirre, Arabako txapeldun
2021-05-24 07:56 BertsolaritzeaLegutioko kiroldegian 200 entzule inguru batu dira.
Arabako Binakako Txapelketea egin dabe lehenengoz aurten, eta Manex Agirre eta Martin Abarrategi izan dira irabazleak. Legution jokatu da finala, giro onean eta 200 entzuleren aurrean. Kanporaketak atzean itxita, hiru bikotek kantau dabe azken saioan: Iñaki Viñaspre-Unai Anda, Martin Abarrategi-Manex Agirre eta Manu Bendala-Oihane Perea.
Nieves del Álamo aurkezle dala, eta Eli Plazaola gaiak jarten, ariketa puntuagarri ugari egin behar izan ditue hiru bikoteek. Epaimahaiak 828 puntugaz saritu dau Martin Abarrategi-Manex Agirre bikotea. Bigarren Iñaki Viñaspre eta Unai Anda izan dira (820 puntu); hirugarren, Manu Bendala eta Oihane Perea (816).
Epaimahaian honeek egon dira: Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Iker Elexpuru, Fernando Sopelana eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari Endika Jimenez ibili da.
Bertsolari irabazle biek alkarri jantzi deutse txapela. Ondoren, agurreko bertso bana bota dabe.
Manex Agirre:
Abarrategi Sarrionandia
a ze bertsolari saga
ta a ze poza txapel bat doa
behingoz Uxarko salara
nirea berriz bidali nahi dut
gure bertso eskolara
pandemiaren erantzun gisa
ere balio du hara
hemen ezin da funtzionatu
taldean ez baldin bada
Martin Abarrategi:
Nahi ta tabernan egongo ziren
hemen baino askoz hobeto
eta pare bat aharrausi egin
gure bertso bakoitzeko
egia esan bai harro nago
kuadrillakoek 15 pabo
zer eta ni entzuteko
aupa Manex bi izan gara
gurdipea bultzatzeko
eta txapel bat dugu buruan
egiten duguna tarteko
banatu nahian gure txapela
beharko ditut konpas ta erregela
bateko eta besteko
asko baitut eskertzeko
Arabako Bertsozale Alkarteak eskerrak emon deutsez txapelketan parte hartu daben bertsolari, gai-jartzaile eta epaileei, eta baita txapelketa osoan zehar laguntzaile izan dituen bertsozaleei, bertso-eskolei, saioak hartu dituen udalei, babesleei, laguntzaileei zein hedabideei be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!