Euskerea ingurune digitalean sustatzeko 2021-2024 aldirako bide orria aurkeztu dabe
2021-05-21 13:45 Euskerea berbagaiLau lan lerro estrategiko, 10 gomendio eta 24 ekintza-proposamen batzen ditu dokumentuak.
Euskerearen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024 Euskerearen Aholku Batzordeko Ingurune Digitalean Euskerea Sustatzeko Batzorde atal-Bereziak egindako txostena da. Lau lan lerro estrategiko, 10 gomendio eta 24 ekintza-proposamen batzen ditu dokumentuak hainbat aditu, erakunde eta alkarteren lankidetzatik eta hausnarketatik sortutako txostena da.
Eusko Jaurlaritzeak aurkeztu dau txostena, Euskerearen Aholku Batzordeko Ingurune Digitalean Euskerea Sustatzeko Batzorde atal-Bereziak egindako txostena, datozen lau urteetarako, 2021-2024 aldirako, euskerearen erabilerea ingurune digitalean sustatzeko bide orria izango da.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak eta Ingurune Digitalean Euskerea Sustatzeko Batzorde atal-Bereziko buru Maite Goñik Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dabe txostena.
Aitatu txostenak euskera ingurune digitalean bizirik eta bizi egoteko lau lan lerro estrategiko eta aldi berean hamar gomendio zehazten ditu:
1.- Euskerazko eduki digitalak sustatzea:
Aisialdirako ikus-entzunezkoen alorra sustatzea, batez be gazteei begira.
Arlo akademikorako eduki digitalak sustatzea, ikus-entzunezkoak barne eta gazteei begira.
Euskerazko hedabide digitalak sustatzea.
2.- Euskerazko tresna, aplikazino eta baliabide digitalak sustatzea.
Euskerazko hizkuntza-teknologien garapena sustatzea.
Eskuko telefonoetarako euskerazko aplikazinoak sustatzea.
Erabilera handiko plataformetan euskerearen presentzia bermatzea.
3.- Euskereari eta euskerazko baliabideei ikusgarritasuna emotea, erabilerea indartzeko:
Informazino eta Komunikazino Teknologiek, IKTek, euskeraz egitea
Euskerazko tresna eta baliabide digitalen zabalkundea bermatzea.
4.- Zaintza teknologikoa ziurtatzea:
Euskerearen zaintza teknologikorako egiturea sustatzea.
Euskerearen konsumoari buruzko datuak lortzea eta ikerketea sustatzea, polita eraginkorrak egin ahal izateko.
Lau lan lerro estrategiko eta hamar gomendio horreek jorratzeko 24 ekintza proposamen be batzen ditu dokumentuak, besteak beste, euskerazko Wikipedia eta Txikipedia sustatzea, Hizkuntza-Teknologien Plana zehaztu eta idaztea, Common Voice egitasmoa bultzatzea, Interneteko enpresa teknologiko handiakaz etenbako hartu-emonak bermatzea maila instituzionalean, norbanakoen eskuko telefonoak euskeraz konfigurau daitezan sustatzea, euskerazko baliabideak ezagutzera emoteko kanpainak egitea edota momentuan momentuko beharrei erantzuteko ikerketak sustatzea.
Bestelako konpromisoak
Euskerearen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024 txostenak beste gai estrategiko bi batzen ditu: Burujaubetza teknologikoa eta software eta lizentzia libreak.
Burujaubetza teknologikoaren gaiak euskerearen sustapena ingurune digitalean gainditzen dauen arren, Eusko Jaurlaritzeak burujaubeak izango diran euskerazko teknologiak sustatu behar dituan ala ez aztertzearen beharra azpimarratzen da dokumentuan. Bestalde, software eta lizentzia libreen arloan txostena osotu daben adituen eretxiz, software librea eta lizentzia libreak sustatuta bidea zabaltzen jake euskerazko eduki, baliabide, aplikazino eta tresnei.
Lankidetzea
Gaur aurkeztutakoa 2016an kaleratutako Euskerazko IKTak: Gomendioak herri agintarientzat dokumentuaren jarraipenaren eta eguneratzearen emoitzea da. Euskerearen Aholku Batzordeko Ingurune Digitalean Euskerea Sustatzeko Batzorde atal-Bereziak, Maite Goñi buru dalarik, Euskerearen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024 txostena garatzeko hainbat aditu, erakunderen lankidetzea izan dau. Dokumentura batutako ekintza-proposamenak Eusko Jaurlaritzeari zuzendutakoak dira baina euskerearen eremuko erakunde publiko zein pribatu guztien esku itxi nahi da, bakotxak bere eskumen eta ahalmenen barruan jardun eta bertako gomendioak bere egin daizan.
Txostenera batutako proposamenak malgutasunez hartu eta ulertzeko gomendioa egiten dabe dokumentua landu daben adituek, izan be, ingurune digitala bizia eta aldakorra da eta beraz, edozein momentutan egon daiteke ekintzaren bat aldatzeko beharra, beti be, emondako gomendioak betetzeko.
Eusko Jaurlaritzearen helburuak
2020-2024 Gobernu Programak dakarrenez, Eusko Jaurlaritzearen helburua da euskerea ezagutzea suspertzea eta, batez be, euskerearen erabilerea azpimarratzea gizarte eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan. Horretarako, besteak beste, Hizkuntza Teknologien Plana onestea eta garatzea eta euskerearen presentzia, euskerazko edukien sorkuntzea eta horreen ingurune digitaleko erabilerea sustatzea dau helburu Eusko Jaurlaritzeak. Gaur aurkeztutako dokumentua tresna eraginkorra eta baliogarria izango da helburu horreek lortu eta ingurune digitalean euskeraz behar dauen garapena eta lekua eskuratzen jarraitu ahal izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!