Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa, orain online

Bizkaie! 2021-05-21 12:40   Euskerea berbagai

Papelezkoan ez datozan hobekuntza batzuk ditu edizino barriak.

Joseba Lakarra eta Andres Urrutia (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko berba ugariren historia eta bilakaerea batzen dituan erreferentziazko argitalpena da Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE), Euskaltzaindiak 2019an argitaratua. Hasieratik esan eben amaitu bako proiektua zala, denporeagaz hobetzen, zabaltzen eta osotzen joango zirala. Eta hobekuntza horreetako bat heldu da dagoeneko: internet bidez konsultau leiteke EHHE (hemen).

Funtsean, lehenengo argitaraldiak ekarren informazinoa sartu dabe interneteko edizino honetan, baina gehikuntza zein aldaketa batzuk egin deutsez, formaz zein edukiz. Eztabaida etimologikoetan eginiko moldaketak, eta, bestetik, iturri batzuk gehitu doguz, azaldu dau Joseba Lakarra euskaltzain eta EHHEren zuzendariak, online edizinoa aurkezteko agerraldian.

Lakarragaz batera, Andres Urrutia euskaltzainburua be aurkezpenean izan da. Euskerearen historia ezagutzeko ezinbesteko tresnea izango dalakoan sartu dau Euskaltzaindiak EHHE lehentasunezko proiektuen artean. 

Liburu mardula da Hiztegi Historiko-Etimologikoa, tamainuz zein maminez. Informazinoa zehaztasun handiz dago ordenauta, sarrera bakotxean alderdi asko nabarmendu ahal izateko: berbearen lekukotasun zaharrak, aldaerak, jatorriaz dagozan hipotesiak... Jakina, hori guztia interneteko bersinora eroatea eta erabiltzaileari modu txukunean aurkeztea ez da erraza izan.

Papelezkotik bersino digitalerako migrazinoan, pantaila bidezko nabigazinorako hainbat egokitzapen egin doguz, euskarri ezbardinak irakurketa modu ezbardina eskatzen dauela sinestuta, azaldu dau Lakarrak. Bilaketa errazak egiteko aukerea emoten dau, eta, bilatzailean idatzi ahala, proposamenak egiten ditu modu automatikoan. 

EHHE internetera eroateko orduan, Euskaltzaindiak hainbat helburu izan ditu. Esate baterako, hiztegiaren egitureari eta filosofiari eusten ahalegindu da, baita papelezkoan datozan datu guztiak batzen be (azalpen testuak, eranskinak eta aurkibideak be bai). Konsultarako bideak erraztea be gogoan izan dabe.

2009ko barne jardunaldietan hartu eban Euskaltzaindiak EHHE sortzeko erabagia, eta 2010ean ekin eutsan beharrari Julen Manterolak eta Iñaki Segurolak osotutako lantaldeak, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean. Aldian aldian, Gabriel Fraile eta Koro Segurolaren laguntzinoa be izan dabe.

Joseba Lakarrak era honetara azaldu dau hiztegiaren asmoa: hizkuntzearen barruko historia aplikadua baino ez da, hau da, fonologia, morfologia, dialektologia eta sintaxi diakronikoetan oinarritu eta berben inguruan antolatutako hizkuntzearen historiaren ikerketea eta azalpena

Berbak familiaka antolatu dira (ez sarrera solteka, hiztegi arrunt edo ezagunenetan lez). Horrenbestez, 200 familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera eratu dira: Ehun inguru ondare zaharreko oinarridunak eta beste horrenbeste maileguen bidezkoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu