Hiru bikote lehian, Legutioko finalean

Bizkaie! 2021-05-21 10:40   Bertsolaritzea

Arabako bertsolaririk onenak batuko dira zapatuan, maiatzak 22.

Final laurenetako eta finalaurreetako kanporaketak atzean itxita, txapeldunak nortzuk izango diran erabagiteko momentura heldu da 2021eko Arabako Binakako Bertsolari Txapelketea. Legutioko kiroldegian jokatuko da finala, maiatzaren 22an, zapatuan (17:30). Aurkezleak Nieves del Álamo eta Eli Plazaola izango dira.

Apirilaren 17an ekin eutsen bederatzi bikotek txapelketeari. Sei heldu ziran finalaurreetara, eta finalean kantauko daben hiru bikoteak honeek dira:

- Iñaki Viñaspre Simon-Unai Anda Delika.

- Martin Abarrategi Sarrionandia-Manex Agirre Arriolabengoa.

- Oihane Perea Perez de Mendiola-Manu Bendala Garcia-Donas.

Bertsolarion ibilbideari begiratu ezkero, bitxikeria bat dagoala konturatuko gara: bikote bakotxeko bertsolari bat Arabako txapeldun izandakoa da, eta bestea, sekula maila horretako final baten kantau bakoa. Hain zuzen be, Iñaki Viñasprek (2019an), Manex Agirrek (2010, 2018, 2020) eta Oihane Pereak (2007, 2009, 2013, 2017) badakie Arabako txapela jaztea zer dan. 

Oraingo honetan be, Arabako txapelduna aukeratuko dau epaimahaiak Legutioko finalean. Baina bakarkako garaipena izan beharrean, binakakoa izango da. Bide barriak arakatu, zaleak erakarri eta bertsolariei oholtzara igoteko bestelako aukerak emoteko asmoz txapelketak antolatzeko formatu barriak probeteari ekin eutsan orain dala urte batzuk Arabako Bertsozale Alkarteak. Kuadrillarteko txapelketea asmau eben lehenik, taldeka, eta binakakoa heldu da 2021ean. 

Legutioko finalerako sarrerak Bertso Sarrerak atarian erosi leitekez. Internet bidezko salmentan edukierea beteten ez bada, egunean bertan salduko ditue sobran dagozanak, kiroldegiko txarteldegian. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu