Bizkaiko kulturgintzearen mapaketan parte hartzeko deia

Bizkaie! 2021-05-21 10:02   Kulturea

Lorea Bilbao foru diputaduak proiektua aurkeztu dau Batzar Nagusietan.

Bizkaiko kultura eta sormen ekosistemearen argazki ahalik eta errealena izateko, mapaketa deritxon prozesuari ekin deutse Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez. Egitasmoa zertan dan eta orain arte ze pausu egin diran azaltzeko, Lorea Bilbao Kultura diputaduak agerraldia egin dau Batzar Nagusietan

Orain arte, batzarrak eta tailerrak egin ditue Bizkaiko kultura alorreko eta udaletako ordezkari ugarigaz, Lorea Bilbaoren arabera. Mapaketea egiteko erabilten dabizan Kultursistema izeneko tresnea, dagoeneko, eragile, autonomo eta instituzinoen esku dago, euren ekarpenak egin deiezen. 

Kultura sektorearen egoeran sakontzea, sektorearen alderdi guztiak ezagutzea eta Bizkaiko kultura eta sormen ekosistemeari buruzko irudi ahalik eta errealena lortzea dira helburuak, Lorea Bilbaok batzarkideei azaldu deutsenez. Horregaitik, kulturgintzako eragile guztiei parte hartzeko deia egin deutse, baita udalei be. Inplikazinoa beharrezkoa da, eta ezinbestekoa da udalek euren udalerrian identifiketan daben kultura elementu bakotxaren mapaketea egitea.

Sektorearentzat momentu gogorra da gaur egungoa. Kulturgintzea sustatzeko eta indartzeko politika egokiagoak definiduten jarraitu nahi dogu, azpisektore bat be kanpoan geratu ez dadin, eta hori guztia, protagonistek emondako ezagutza erreal eta eguneratuetan oinarrituz, adierazo dau Bilbaok.

Mapaketeak hainbat fase ditu: hasierako batzarrak, datu baseak berrikustea eta lana planifiketea; deialdia eta parte-hartzaileen hausnarketea eta automapaketa analogikoko eta digitaleko tailerrak; estimulazino eta laguntzinoko idazkaritza teknikoagaz batera eragileek automapaketea egiteko aldia; automapaketetan gehitutako datuak esportetea, aztertzea eta interpretetea; eta kultura eta sormen sustapeneko politikei zuzendutako gomendioen txostena egitea.

Batzar Nagusietako talde politikoek era horretako ekimen baten beharra eta metodologia nabarmendu ditue, eta eragileen prestakuntzaz, epeez eta aurrekontuaz galdetu dabe. Ordezkari politikoek emoitzen ebaluazinoaren ganeko interesa agertu dabe, tresna hori nork diseinau dauen eta ezagutzera emoteko publizidade-kanpainarik martxan jarriko ete dan.

Lorea Bilbaok erantzun dau proiektuak 85.000 euroko aurrekontua daukala eta 2022ko lehen hiruhilekoan amaitu gura dabela. Batzarretako taldeak maiatzaren 25ean egingo dan tailer baten parte hartzera konbidau ditu Kultura diputaduak. Oraingoz, publizidade-kanpainarik egiteko asmorik ez dabela ganeratu dau, ekimenaren barri ahoz-aho ondo zabalduko dalakoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu