'Adore', Zea Maysen proposamen barria

Bizkaie! 2021-05-21 08:55   Musikea

Kantu biko bilduma laburra dakar Bilboko laukoteak.

Zea Mayseko kideak, Ricky Falkner eta Jordi Mora, La Casamurada estudioan (argazkia: Zea Mays) | Ikusi handiago | Argazki originala

Osasun larrialdiak ziurtasun gitxi eta oztopo ugari eroan ditu musikearen mundura, eta, egoera horren menpe ez egoteko erabagia hartu dau Zea Mays talde bilbotarrak. Horregaitik, azkenaldion estudioan landutako kantu bi plazaratu ditue, disko luzea egiteko beste material izateari itxaron barik.

Adore da disko labur edo EP honen izenburua. Izen bereko kantuaren bideoklipa sareetan ikusi leiteke dagoeneko (ikusi hemen). Beste abestiaren izenburua Zuk borroka hasi da. Gaur, hilak 21, ipiniko dabe disko laburra entzungai eta salgai plataforma digitaletan.

Pandemia hasi zanean, Atera diskoa argitaratu barri egoan Zea Mays, eta berau zuzenean aurkezteko birea eta plan guztiak bertan behera itxi behar izan zituen. Ez dabenez halakorik barriro bizi nahi, kantuak sortu ahala zabaltzeko erabagia hartu dabe, eta hortik dator Adore EPa. Ez dabe, beraz, aurrera begirako asmo zehatzik, izan leiteke kantu solte gehiago plazaratzea, banaka edo binaka. Momentuan momentukoaz arduratuko dira.

Pixkanaka, osasun egoerea argitu ahala, kontzertuak be ugaritzen hasi dira. Zea Maysekoek azaldu dabenez, zuzenekoetan Adore disko laburreko kantu biak joko ditue, eta Atera lan luzeko batzuk be bai.

Adore EPko kantu biak Ricky Falkner produktoreagaz eta Jordi Mora soinu-injineruagaz grabau ditue, Kataluniako La Casamurada estudioetan. Produktore barri bategaz hasi dabe alkarlana, baina Zea Maysen musikarien artean, aldaketa handirik ez, betiko laukoteari eutsi deutse: Aiora Renteria (ahotsa), Piti (gitarrea), Rubén González (baxua) eta Asier Basabe (bateria).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu