Aurrera begira batera erantzuteko beharra
2021-05-21 08:55 Euskerea berbagaiKontseiluak erasoei begira proposamena lantzeko konpromisoa agertu dau.
Asteleheneko agerraldian aurreratu bezela, Euskalgintzearen Kontseiluko zenbait zuzendaritzakidek bilerea egin dabe hainbat eragile politiko eta sindikaletako ordezkariakaz; hurreratu ez diran beste eragile batzuekaz be aurretik berba egiteko aukerea izan dabe erakundeko ordezkari nagusiek.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazino Auzietarako Aretoaren hirugarren atalak onartutako 152/2021 epaiaren irakurri deutse eragileei: Elementu nagusi bi azpimarratu gura izan ditugu: Batetik, epai politikoa dala ezelako justifikazino juridikorik ez dauelako azaldu eta bestetik, epaia ezin dala modu isolatuan ulertu. Azken boladan epaitegietatik hizkuntza-eskubideen urraketak ahalbidetzeko datorren inertziaren barruan kokatu behar da, esan dau, izan be, Kontseiluaren ustez, azken boladan auzitegietatik dabiz euskaldunen eta bestelako hizkuntza gitxituetako hiztunen kontrako erabagiak hartzen, bai EAEko Justizia Auzitegi Nagusitik, baita Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusitik, Kataluniakotik edota Auzitegi Gorenetik be.
Holan, Kontseiluko eledunak azken boladan hizkuntza gitxituen alde lan egiten daben eragileen ardurea konpartidu gura izan dau sindikatu eta alderdi politikoakaz: Jaubetu gara botere judiziala bete-betean sartzen dala hizkuntza-politikearen kudeaketan. Egungo araudia jurisprudentziaren bidez aldatzen dabe herritarren hizkuntza-eskubideak gehiago murriztuz, azaldu dau Bilbaok.
Aurrera begira batera jo beharra
Irakurketearen ostean, Kontseiluak etorkizunean jarri nahi izan dau arretea: Badakigu epai honen ostean, etorriko dirala beste batzuk. Batetik, epai honen beste hainbat prozeduretan izan leiken ondorioakaitik eta, bestetik, auzitegiek hizkuntza-gitxituetako hiztunen eskubideen kontra zabaldu daben bidearengaitik.
Esangura horretan, Kontseiluak hurreko etorkizunari erreparauta erasoei aurre egiteko estrategia bateratuaren beharra nabarmendu dau. Bilbaok adierazi bezela, azken egunotan ikusi dogu gizartea hasarre dagola jazotakoagaz eta eragile politikoak, sindikalak, euskalgintzakoak zein beste arlo batzuetakoak eskubide murrizketei amaiera emon behar jakela aldarrikatzen dabiz. Bide horretan, konpromisoa hartu dau Kontseiluak: Zapatuan Bilbon egingo dan konzentrazinoaz gan, beharrezkoa da etorkizunari begira estrategia bateratua lantzea eta Kontseiluak horri begira proposamena egiteko konpromisoa hartu dau
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!