Makinatxu bat ekitaldi Martin Ugalde idazle andoaindarraren jaiotzearen mendeurrenean

Bizkaie! 2021-05-20 13:51   Kulturea

Zemendiaren 11n beteko dira 100 urte Martin Ugalde jaio zanetik.

Gaur goizean, Martin Ugalde kazetari eta idazle andoaindarraren jaiotzearen mendeurrenaren harian atondutako egitasmoak aurkeztu ditue Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Bertan izan dira: Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Gobernuaren bozeroailea; Harkaitz Millan, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputadua; Maider Lainez, Andoaingo alkatea; Sagrario Ruiz, Andoaingo kultur zinegotzia, Alexander Huitzi, Andoaingo euskera zinegotzia, Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea; Juan Luis Silanes, Hondarribiko kultur zinegotzia; Joxemari Sors, elkar Fundazinoko burua; Beatriz Zabalondo, Berria Taldeko burua; Euskal Idazleen Alkarteko buru Garbiñe Ubeda; Lorea Agirre, Jakineko zuzendaria; Joanmari Larrarte, Martin Ugalde Kultur Parkeko arduraduna eta Unai Ugalde, familiaren izenean.

Bertaratutako erakunde eta eragileok danon artean urtean zehar jorratuko dan egitasmoa atondu dogu, helburu bigaz: batetik, Martin Ugalde gogora ekartea, uste baitogu berak euskal kultureari egindako ekarpenak aparteko garrantzia dauela eta gogora ekartekoa dela; bestetik, erabili gura dogu urteurren borobila Ugalderen lana barriro azaleratzeko, erakutsi eta edonoren eskura jarteko, personea ezagutzea bezain garrantzitsua baita harek egindako lan handia ezagutzea.

Martin Ugalde jaio zala 100 urte beteko dira datorren zemendiaren 11n eta honezkero martxan dagoz hainbat ekimen ha gogoratzeko:
Euskal Idazleen Alkarteak Itsasargiak egitasmoaren barruan, Martin Ugalderen ipuin bi podcast bihurtu ditu Donostia Kulturearen babesari esker. Itsasargiak ekimenak sasoi gogorretan iparrorratz izandako idazleei gorazarre egitea dau helburu. Euskal Idazleen Alkarteak sortu eta Donostia Kultureak lagunduko dauen asmo honetan, lehen omendua Martin Ugalde izango da aurten beteko dira-eta 100 urte jaio zala. Mantal Urdina eta Gizontzarra ipuinak podcast bihurtuz eta sarean zabalduz gogoratu dabe Martin Ugalde, Liburuaren Nazinoarteko Egunean egin zan grabaketan: Ahotsak: Garbiñe Ubeda, Inazio Mujika, Anjel Lertxundi, Garazi Kamio, Koldo Izagirre, eta Arantxa Urretabizkaia.

Hondarribiko Udal Liburutegiaren ekimenez, Liburuaren Nazinoarteko Egunean, Zuloaga Etxean Martin Ugalderi eskainitako txokoan Itzulera baten historia liburuaren zenbait pasarte irakurri zituen.

Egitasmoak jasoko dituan ekimen nagusienak:

- Martin Ugalderen bizitza eta bere ekarpena batuko dituan erakusketea, maiatzaren 27an, Hondarribian inaugurauko dana Arma plazan eta Andoainen, barriz, zemendian ikusi ahal izango da, zemendiaren 5etik abenduaren 4ra, Bastero Kulturgunean. Ondoren, panelak Martin Ugalde kultur parkean geratuko dira jentaurrean.

- Berbaldi zikloa. Urrian zehar, hainbat berbaldi izango dira, Martin Ugalde eta haren lana aztertu eta gizarteratzeko asmoz: literaturan, kazetaritzan, politikan, Egunkarian Ugaldek egindako ibilbidea eta haren ekarpena. Gehiagok be parte hartu leikie baina dagoeneko berbatuta dagoz ondokoak: Larraitz Ariznabarreta, Nerea Azurmendi, Anjel Lertxundi eta Iñaki Uria.

- Jainkoak ez dit barkatzen, filma. Jakina da Ugalde kazetari handia izan zala. Esaten da erreportajeak egiteko eta alkarrizketarako doe berezia ebala. Hain zuzen be Lezo Urreiztietari egin eutson alkarrizketan oinarrituta egindako filma da Josu Martinezek zuzendu ebana. Andoaingo Bastero Kulturgunean proiekzino berezia egingo da zemendiaren hasieran. Filmaren ondoren, zuzendariagaz barriketea be atondu dabe.

- Ugalderen lan publikoaren digitalizazinoa eta sareratzea. Duda barik, hauxe da mendeurrenak egingo dauen ekarpenik handiena. Martin ugalderen lanaren parterik handiena orain urte batzuk Jakinek digitalizau eban eta orain osotu eta txukundu ondoren, webgune batean jarriko dira haren lan argitaratu guztiak.
Liburu (47), liburu zati (50) eta artikuluen (1500) artean 1.600 lanetik gora dira eta 120 lan inguru gaurdaino identifikauta berari buruzkoetan. Datu horreek gogoan hartzekoak dira eta erraz jaubetzen gara Ugalderen ekarpena upealakoa izan zala.

- Ugalderen lan baten irakurketa jarraitua. Zemendiaren 11n beteko dira 100 urte Martin Ugalde jaio zanetik. Egun hori izango da egun nagusietakoa eta egun horretan, haren izeneko Andoaingo parkean, haren lan baten irakurketa jarraitua egingo da. Goizean hasi eta testua amaitu arte hamarnaka lagun pasauko dira, zatika-zatika testua irakurten. Egun hori bera erabiliko da Ugalderen lan publiko digitalizautakoa zabaltzeko.

- Martin Ugalde bekea, 2019ko bekearen emoitzea. 2015etik, urte birik behin, Martin Ugalde bekea deitu izan da (Berria, elkar Fundazinoa, Jakin eta Martin Ugalde kultur parkea dira antolatzaileak eta Andoaingo udala laguntzailea). 2019ko bekea jaso ebenek entregau barri dabe euren lanaren emoitzea eta udagoienean ekitaldia atonduko dabe hra aurkezteko.

- Martin Ugalde ipuin sariketea antolatzen dau urtero Andoaingo udalak. Aurtengoa apartekoa izango, Leihaketeak 25 urte beteko baititu. Lehiaketearen deialdia eta informazino zehatza udalak berak zabalduko ditu. Sari banaketea zemendiaren 10ean izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu