Hernandorena Sariketea lehiarik bakoa izango da aurten

Bizkaie! 2021-05-20 09:36   Bertsolaritzea

Maiatzaren 29an egingo dabe, Baionako Zizpa Gaztetxean.

Osasun larrialdiari aurre egiteko arauak arindu dirala aprobetxauta, Bertsularien Lagunak alkarteak iragarri dau Hernandorena lehiaketa ospetsua antolatuko dauela maiatzaren 29an, zapatua. Dana dala, aldaketa nabarmenak izango ditu aurreko urteetako edizinoen aldean: saio bakarrekoa izango da eta ez da lehiarik egongo. Hau da, irabazlerik bako edizinoa izango da 2021ekoa.

Euskal Herri osoko bertsolari gazteentzat plazara urteteko eta euren lana autortzeko bidea da Hernandorena, tradizino luzeko sariketea. Zaleek be, belaunaldi barrietan indartsu datozan bertsolari gazteak ezagutu leikiez, maila handiko parte-hartzaileak egoten diralako. 

Bide batez, Teodoro Hernandorenaren ekarpena gogoratzen da sariketearen izenaren bidez. Zizurkilen jaioa, 1898an, medikuntzan ibili zan eta Zaragozan egoala euskaltzaletu zan. Gerra aurretik politikari abertzale sutsua eta kulturearen bultzatzailea izan zan, baina Ipar Euskal Herrira alde egin behar izan eban gero. Hango bertsolaritzearen sustatzaile nagusietako bat izan zan, 1994an Donibane Lohizunen hil zan arte. 

Aurten, egoereak behartuta, batez be Ipar Euskal Herriko bertsolariak dagoz Hernandorena Sariketako egitarauan: Irati Alcantarilla, Oneka Arteaga, Josu Txoperena, Nahia Sasco, Oier Urreizti eta Haira Aizpurua. Lehiaketa formatuan barik, jaialdi formatuan kantauko dabela azaldu dau Bertsularien Lagunakek. Gai-jartzailea Aritz Bidegain izango da. 

Baionako Zizpa Gaztetxean izango da saioa, maiatzaren 29an, 17:00etan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu