Anja Bihlmaier eta Manuel Walser, Euskadiko Orkestrearen ziklo barrian

Bizkaie! 2021-05-20 09:04   Musikea

Gaur , maiatzak 20, hasiko da Noragabeko adiskidea programea.

Anja Bihlmaier (argazkia: Euskadiko Orkestrea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Goi mailako konbidadu bi izango ditu Euskadiko Orkestrearen kontzertu-programa barriak, 2020-21 denporaldiko azken-aurrekoak. Anja Bihlmaier zuzendari alemaniarrak lehenengoz gidatuko dau orkestrea eta Manuel Walser baritono suitzarraren ahotsaz gozau ahal izango dabe entzuleek.

Noragabeko adiskidea, zikloaren izenburua, Gustav Mahler konpositorearen pieza batetik hartu dau Euskadiko Orkestreak. Noragabeko adiskide baten kantak, hain zuzen be, programako bigarren zatian joko dabe musikariek. Aurretik, Claude Debussyren Fauno baten siestaren preludioa entzun ahal izango da. Hirugarren eta azken piezea Schumannen 1. Sinfonia izango da. 

Maiatzaren 20an hasita, bost kontzertu izango ditu zikloak, Hego Euskal Herriko lau uriburuetan. Lehenengo egun bietan, Donostiako Kursaalen joko dau Euskadiko Orkestreak, eta, maiatzaren 24an, astelehena, Bilboko Euskalduna Jauregian izango dira. Gasteizko Principalen (25ean) eta Iruñeko Baluarten (26an) izango dira azken bi emonaldiak.

Saio guztiak 19:30ean hasiko dira eta sarrerak salgai dagoz dagoeneko, merkeenak 10 euroan.

Honenbestez, Anja Bihlmaierrek debuta egingo dau Euskadiko Orkestrearen zuzendari titular lez kontzertu-programa honetan. Hagako Residentie Orkestrako zuzendari titular eta Lahtiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari konbidadu nagusi da Bihlmaier, gaur egungo zuzendaririk azpimarragarrienetako bat. Izan be, gazte-gaztetatik esperientzia zabala pilotu dau Vienako Herri Operan, Hannoverko Operan eta beste hainbat antzokitan. 

Manuel Walser baritonoa, ostera, Vienako Estadu Operako ahots nagusietako bat da gaur egun. Mahlerren Noragabeko adiskide baten kantak piezan kantauko dau Walserrek Euskadiko Orkestrearen programan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu