Puntako euskal sormena batu dabe Musika Bulegoa Sarietan

Bizkaie! 2021-05-20 08:25   Musikea

Miarritzeko Atabal aretoan izan da ekitaldia.

Korrontzi taldeak 'Ibilbide Musikalaren Saria' jaso dau, Eusko Jaurlaritzako Etxepare Institutuak emondako saria | Ikusi handiago | Argazki originala



Azkenaldion euskal musikearen mundua astindu daben talde eta bakarlari batzuei autortzea egin deutse Euskal Herriko Musika Bulego Alkarteak, Miarritzen egindako ekitaldian. Irabazleen artean goi mailako izenak dagoz, baina epaimahaiak ez dau lan erraza izan, 107 proposamen jaso dituelako Musika Bulegoa Sarien bosgarren edizino honetarako.

Izaro, Belako, Petti eta Sara Zozaya izan dira sarituetako batzuk. Musika tradizionalagoaren atalean, ostera, Ander Telleriaren Horos lanari saria emotea erabagi dau epaimahaiak, baita Arineketan proiektuari be. Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre pianisteak martxan jarritako proiektu horren originaltasuna txalotu dabe epaimahaikideek.

Beste irabazle batzuk izan dira Brais Novoa eta Noa & The Hell Drinkers. Etxepare Euskal Institutuak emoten dauen sari berezia Korrontzi talde bizkaitarrarentzat izan da, euskal musikea nazinoartera eroateko egiten dauen ahaleginagaitik. Azkenik, Ohorezko Saria EKEk irabazi dau. 

Fernando Mikelarenak egindako eskulturea emon deutse irabazle guztiei. Ohorezko Sariak ez dakar diru-saririk, baina ganerako irabazleetako bakotxari 2.000 euro be egokitu jakez. 

Elixabete Etxebeste, François Matton, Iratxe Reparaze, Itziar Larrinaga, Javier Escorzo, Maddi Arana, Nerea Furia eta Txomin L. Aramaio izan dira V. Musika Bulegoa Sarietako epaimahaiko kideak.

Miarritzeko Atabal aretoan egindako ekitaldiak ikutu sinboliko handia izan dau, ze zazpi hilean zarratuta egon eta gero, han egin dan lehenengo kultur ekitaldia izan da Musika Bulegoarena. Musikearen eta sormenaren topagune handietako bat da Atabal, eta pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, barriro artisten doinuak entzun ahal izan dira bertako oholtzan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu