Igazko etenaren ostean, EHZ bueltan da
2021-05-20 08:00 MusikeaIrisarrin egingo dabe, garagarrilaren 2tik 4ra, eta mila lagun sartuko dira gehienez.
Osasun egoereak zalantzak eragiten dituan arren, aurrera egiteko erabagia hartu dabe EHZ festibaleko antolatzaileek. Hortaz, igazko behartutako etenaren ostean, aurten ez dau hutsik egingo. Nafarroa Behereko Irisarri euskal musikearen eta sormenaren erdigune izango da hiru egunez, garagarrilaren 2tik 4ra. Jaialdiaren 25. edizinoa izango da.
Egitarau zehatzaren barri emoteko oraindino goiz bada be, izen batzuk aurreratu ditue EHZko antolatzaileek. Ruper Ordorika eta Potato beteranoak dagoz egitarauan, baita euskal musikagintzan lekua egiten dabizanak be, adibidez, Chill Mafia. Horrezaz gan, beste formatu batzuek be lekua izango dabe, esaterako, antzerkiak eta liburu aurkezpenek.
Kulturgintzarako eta haren inguruan lanean dabizan eragileentzat bultzadea izango da EHZ. Era berean, gogoetea be sustatu nahi dabe gizarteko hainbat gairen inguruan. Ospitalea Ondarearen Etxean eztabaidak eta mahai-inguruak antolatuko ditue jaaldiaren hiru egunetan, sorkuntzea, politikea, ekonomia eta gazteen ardurak aitagai dirala.
Osasun egoerea dala eta, neurri bereziak hartuko ditue antolatzaileek. Nabarmenena, edukierea mugatzea izango da. Izan be, jaialdiaren eremuan ezin izango dira mila lagun baino gehiago egon. Ganera, eremura sartu nahi dauenak PCR negatiboa izan beharko dau, edo txertatuta egon.
Beste arau batzuen artean, aitatzekoa da maskarea jantzita egon beharko dala denpora guztian, eta zutunik. Jatekoa eta edatekoa emongo ditue. Erakundeen azken baimenaren zain dagoz antolatzaileak, eta, beraz, murrizketaren bat gehiago egitea be ezin da baztertu.
Momentuz, hiru eguneko 150 pase ipini ditue salgai webgunean, bakotxa 35 euroan. Aurrerago salduko ditue eguneko sarrerak. Ganera, gogoan izan behar da igazko jaialdirako sarrerek aurtengorako be balio dabela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!