Los Blues Morning Singers taldeak 'Winding Road' diskoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2021-05-19 11:45   Musikea

Bilbotarren eskolarik onena oinez egiten dan bidea da.



Los Blues Morning Singers
taldeak —Mario Gomezek (ahotsa eta gitarrak), Carlos Jover-ek (harmonikea eta ahotsa), Jorge Gomezek (bateria) eta Fabian Akarregi (kontrabaxua)— hamar urte luze daroaz bluesa jorratzen errespetuz eta koherentziaz. Orain arte argitaratutako grabazinoetan baserri blues, Chicago, West Coastetik edo Jump Bluesetik jo izan dabe. Eskolarik onena oinez egiten dan bidea dabe eta irakaslerik onena errepidea, beti. Horren erakusgarri dira bai orain arte egindako birak eta nazinoarteko jaialdi ospetsuetako agerraldiak.

Bilbon, gaur, hilak 19, Power Records disko dendan aurkeztutako Winding Road 2021eko taldearen azken diskoak Alberto Trigueros pianoan eta tekladuetan eta Javier Alzola Fitipaldia saxoan lako musikarien laguntzea izateaz gan, zuzenean seikote bihurtuta, gorantz doan taldea da.

Bilboko Kantauri estudioetan grabautako Winding Road lanak Alberto Trigueros eta Javier Alzola saxoan lako musikarien laguntzea izateaz gan pianoan eta tekladuetan, aurreko lana aberastu eban bideari jarraitzen deutso. Blues tradizinorik garbiena, ikuspegi sofistikatuago eta helduago batetik sortutako sei abesti dagoz bilduman. Winding Road diskoari izenburua emoten deutson abestian, hirurogeiko bluesa jatorku burura eta Booker T inguruko lurrinak dakarskuz hammond organoari eta Sonny Boy Williamsonen kutsu ukaezinari esker. Confusion Blues-ek ezin hobeto jarraitzen ditu Jump Bluesen kanonak, Jorge Gomezek baterian eta Fabi Akarregik kontrabaxuan. Mario Gomezen ahots ederrak eta gitarreari eragindako soinu bikainak tenpo bikaina erregaletan deuskue. Carey Bellek idatzitako kantuen oihartzuna dakar Learning to say no-k, shuffle kutsuan, funketik pausu txiki batera. Lotto Prize kantuak berrogeiko hamarraldiaren Chicagoko eskola zaharrera eroaten gaitu. New Orleanseko heterodoxiaren eta jai giroko jive-aren artean, taldeak Under the Rain zabaltzen dau aldagarritasun harroaldi barrian eta Talk to the devil-egaz zarratzen dau diskoaren kanturik ilunena, originalena eta biziena, Carlos Jover ahotsean eta Mario Gomez slide gitarreagaz.

Bidea ezagutzea ez ei da ibilten jakitea. Urteak dira Blues Morning Singers taldea bluesaren sigi-sagako bide bihurri horretan leial eta zorrotz. Winding Road dogu emoitzea: bihurgune gozagarriz betetako errepidea, magia eta sentimendua errealidade bilakatzen dituen berbakera unibersal hau ulertzen dakitenentzat.

Entzun taldearen kantu bi:

- Winding Road.

- Confusion Woman.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu