XIV. Balendin Enbeita lehiaketea martxan

Bizkaie! 2021-05-19 09:25   Bertsolaritzea

Nahi beste bertso-papel bialdu leikiez parte-hartzaileek, irailaren 30era arte.

Balendin Enbeitaren omenezko eskulturea, Bilbon | Ikusi handiago | Argazki originala

Uribe Kostako ALBE bertso-eskoleak antolatu dau XIV. Balendin Enbeita bertso-papel lehiaketea, bertsoak idatziz sortzea gustuko dabenei zuzenduta. Irailaren 30era arte dago lanak bialtzeko epea, eta posta arruntez zein posta elektronikoz aurkeztu leitekez. 

Bertsoak egiteko baldintzei jagokenez, muga gitxi ipini ditue antolatzaileek. Gaia, doinua eta neurria libreak izango dira. Ganera, ALBE Uribe Kostan zuztartutako alkartea dan arren, eskualdetik kanpokoek be bardin-bardin hartu leikie parte, mundu guztiarentzat dago zabalik lehiaketea. Partaide bakotxak nahi beste bertso-papel bialdu leikez. 

Maila bitan banatuko ditue parte-hartzaileak: heldue mailan 18 urte edo gehiagokoak lehiatuko dira, eta zortzi eta hamabi bertso artean izan beharko ditue euren sortek. Gazteen atalean (17 urtetik behera), sei eta hamar bertso artean eskatu ditue.

Maila bakotxean hiru sari egongo dira, baina parte-hartzaile bakotxak sari bakarra baino ezin izango dau eroan. Sorta bat baino gehiagogaz irabazi ezkero, balio gehien dauen saria baino ez deutse emongo. Dirutan izango dira sariak (mila euro handiena), eta garaikurra be emongo deutse irabazle guztiei. 

ALBEk izentautako epaimahaiak aukeratuko ditu irabazleak. Urte amaierako ALBE Galan emongo ditue sariak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu