Euskerearen Udabarria, Alemaniako Konstantza urian

Bizkaie! 2021-05-19 08:32   Euskaldunak munduan

Adituen berbaldiak antolatu ditue maiatzean eta bagilean.

Euskerea eta euskal kulturea lantzeko irakurletzea dauka Etxepare Institutuak Alemania hegoaldeko Konstantza uriko unibersidadean. Hortik abiatu da, hain zuzen be, gaur hasiko dan Baskischer Frühling edo Euskal Udabarria zikloa. Euskerearen historiaren, ezaugarrien eta gizarteratzearen ganeko berbaldiak emongo ditue hainbat adituk.

Ganera, interesdunek ez dabe Konstantzara joan beharrik berbaldiak entzuteko, jardunaldiotan online parte hartzeko aukerea egongo dalako. Hori bai, berbaldi gehienak ingelesez izango dira, eta beste bat gaztelaniaz.

Gaur, maiatzak 19, izango da lehenengo hitzordua, 18:15ean. Konstantzako Unibersidadean Euskerea eta Euskal Kulturea irakurletzearen arduradun Asier Gonzalezek euskaldunen eta zelten arteko kontaktu kultural eta linguistikoen inguruan egingo dau berba. Hilaren 26an, ordu berean, Josu Gómez hizkuntzalariak Bilboko hizkerea jorratuko dau, euskerearen zein gaztelaniaren eragina daukala nabarmenduz. 

Bagilean izango dira beste hiru berbaldiak: Damian Madinabeitiak, 9an, euskerea eta bideojokoak aztertuko ditu; Maitane Jungituk, 16an, euskerazko bideojokoen historiari errepasoa egingo deutso; eta Alba Picadok, 23an, euskal zinemagintzako emakume protagonisten barri emongo dau. 

Berbaldien zerrendea eta online entzuteko loturea, hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu