Aurtengo Bilbao BBK Live bertan behera, 2022an bueltetako asmoz

Bizkaie! 2021-05-18 12:48   Musikea

Gasteizko Azkena Rock be ez da egingo 2021ean. 

Covid-19aren pandemiak gogor jo dau musika jaialdi handien alorra, indarrean dagozan osasun neurriak betetea gatxa dalako halako espazioetan. Bilbao BBK Live jaialdiaren antolatzaile dan Last Tour-ek azken momentura arte eutsi nahi izan deutso aurtengo edizinoa egiteko asmoari, baina, pare bat hileren faltan, ikusi dabe ezinezkoa izango dala. Hortaz, 2021eko BBK Live bertan behera itxi dabe.

Bilboko Kobetamendin egiten dan jaialdia 2022an bueltauko dala agindu dabe. Abstinentzia luze honen ondoren, bueltea sinestezina izango da eta mereziduko dauela agintzen deutsuegu, esan dabe jaialdiaren arduradunek ohar baten bidez. BBK Liven 15. edizinoa izango da datorren urtekoa.

Igazkoa bertan behera itxi eta gero (streaming bidez egin ziran kontzertu batzuk), bigarren urtez erreskadan ezin izango da BBK Live modu presentzialean egin. Aurtengoa garagarrilaren 8tik 10era izan da egitekoa. Dagoeneko egitarauaren zati bat be prest izan dabe antolatzaileek, eta, besteak beste, nazinoarteko artista handiak egon dira: The Killers, Hendrick Lamar eta Pet Shop Boys. 

2022ko edizinoaren nondik norakoak, tartean egitarauko taldeen zerrendea, garagarrilaren 8a baino lehen jakin eragingo dituela agindu dau BBK Live jaialdiak. Ganera, sarrerak bueltetako moduen barri be emongo dabe. 

Gasteizko Azkena Rock Festival be ez da egingo aurten, kasu honetan be osasun arrazoiak tarteko. Atzo, Suzy Quatro artisteak iragarri eban ez zala Gasteizera etorri ahal izango, eta horrek biztu zituan zurrumurruak. Zaleen susmoak baieztau ditue gaur antolatzaileek, Azkena Rock 2022ra atzeratuko dala dinoan oharraren bidez. 

Bagilaren 17an izan da hastekoa Azkena Rock, eta egun horretan bertan iragarriko ditue 2022ko edizinoko nobedadeak. Ganera, 2021erako sarrerak erosita dituenei be oharra egin deutse antolatzaileek, hau da, 2022rako balio izango dabela. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu