Bilboko Udalak eta Elhuyar-ek Bilboko gazteen STEAM azterketearen emoitzak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2021-05-18 08:20   Kulturea

Zientzia eta teknologiako bokazinoak sustatzea da asmoa.



Bilboko Udal
eko Ekonomia Garapena, Merkataritza eta Enplegua Saileko zinegotzia dan Xabier Ochandianok eta Elhuyar-eko Zientzia Unidadeko koordinatzaile Garazi Andonegi Beristainek aurkeztu dabe txostena. Erakunde bien asmoa da uriak laster behar izango dituan premina profesionalei aurrea hartzea: Europa da gure ispilua eta laster zientzia eta teknologian lan egiteko prest dagozan persona gehiago eskatuko dituan lan-merkatu bat dau. Aurreikuspenen arabera, ez dira premina horreei erantzuteko profesional kualifikatu nahiko egongo.

Xabier Ochandianok hauxe nabarmendu dau: Bilbon Talentuaren eta Ezagutzearen Zorrotzaurreko ugartea eregiten gagoz eta unibersidade-uri bat izan nahi dogun honetan, ezinbestekoa da gizarte barri honek eskatzen deuskuzan profilak lortzeko pausuak emotea, izan be, etorkizuneko enpleguen % 80 STEM gaitasunak dituenentzako izango dira.

Halan da guztiz be, gazteen gaur egungo asmo profesionalen proiekzinoak ez datoz preminakaz bat eta nesken kasuan egoerea larria da: Nazinoarteko azterlan askotan jaso da, zientziaren zein teknologiaren aurrean zeozelako jarrera positiboa eta interesa erakusten daben arren, gitxi batzuek baino ez dabe alor horreetako graduak ikasteko erabagia hartzen. Txostenen arabera, zientzietako graduetan matrikulazinoen kopurua baxua izateko arrazoietako bat herritarrek zientzia ulertzeko daben modua da: Alde batetik, ulertzeko gatxa dala dinoe eta, beste alde batetik, urtenbide bakarra ikerketea eta irakaskuntzea dirala uste dabe. Horren jakitun, Udalak eta Elhuyarek diagnostiko hau atondu dabe 14 eta 16 urte arteko gazteek STEM gaien eta lanbideen inguruan daben pertzepzinoaren barri izateko, bai eta asmoen jokerak aldarazoteko be bokazinoak oso goiz zehazten dira eta eskolaz gan asmo horreek definiduteko orduan eragina daben beste aldagai asko be badagoz, besteak beste, familia, eremu personala, soziala, hezkuntzea edo testuinguru ekonomikoa.

Bilboko STEAM Diagnostikoa

Bilboko 14 ikastetxetako DBHko 3. eta 4. mailetako 1.029 gazteren emoitzak jaso dira: Parte-hartzaileen % 47,9 neskak izan dira, % 48,4 mutilak eta % 3,7 ez binarioak.

Elhuyarreko Zientzia Unidadeko Garazi Andonegi Beristain koordinatzaileak erantzunen bidez lortutako ondorio nagusiak aurkeztu ditu:

Betiko genero-estereotipoek eragina dabe gazteek gai horreetan daben interesa zehazteko orduan: Oro har, neskek interes handiagoa dabe askotariko gaietan eta mutilak, ostera, gai zehatz batzuetan sartzen dira. Zientziak eta teknologiak espazio mugatua dabe neskei interesetan jakezan askotariko gai guztien artean. Mutilen interesei jagokenez, barriz, ugarienak dira.

Genero-estereotipoek eragina dabe etorkizuneko lanbideak hautatzeko orduan. Neskek irakaskuntzeagaz eta osasun-zientziakaz zerikusia daben lanbideak hautatu ditue eta, mutilek, barriz, teknologiagaz zerikusia daben gaiak.

Ikasgaiei erreparauta, interes-mailea, oro har, eskasa da. Neskei artea eta biologia interesetan jakez eta mutilei informatikea zein teknologia.

Gazteen arabera, STEM profesionalak persona langileak, azkarrak, buru-jantziak eta pazientzia handikoak dira eta ikusmina dabe. Kalifikatzaile horreetako batzuk oso ohikoak dira ikasle onak deskribiduteko orduan. Gazte askoren eretxiz, lanpostu horreetan lan egiteko, ikasketa-prozesu luze, zorrotz eta gatxa bete behar da. Ondorioz, gora egiten dau beste mueta batzuetako ikasketak aukeratzeko probabilidadeak.

Etorkizunean, STEM alorrean lan egiteari jagokonez, neskek eta mutilek gaitasun-maila ezbardina autortzen deutse euren buruei: mutilen % 46,9k uste dau sektore horretan lan egingo dauela, bai eta nesken % 29k eta ez binarioen % 26,3k be.

Neskek eta mutilek oso ikuspegi ezbardina dabe STEM profesionalen biziteko moduari jagokonez: mutilek modu altuagoan baloretan dabe (6,7) eta interes handiagoa dabe etorkizunean STEM alorrean lan egiteko. Mutilen % 43,1ek eta nesken % 24,6k STEM alorrean lan egiteko interesa erakutsi dabe.

Gazteen erdiak (% 46,5), gitxi gorabehera, ez dau Bilboko industriaren barri eta ez jake erakargarria iruditzen eskualdeko industrian lan egitea. Halan da be, gazte batzuek alderdi positiboakaz lotu ditue eskualdeko industria eta lana.

Oro har, azterlanaren emoitzen arabera, Bilbon STEM jarduerearen inguruko ezagutzea eskasa da eta neskek bokazino zientifiko-tekniko txikiagoa dabe mutilakaz konparauta.

Ondoko ikastetxeek parte hartu dabe azterlanean: Artxandape Ikastolea, Berrio-Otxoa ikastetxea, Jesuitas-Indautxu ikastetxea, Ignacio Ellacuria-Zurbaran BHI, Kirikiño Ikastolea, El Ave María ikastetxea, Eskurtze BHI, Ibaizabal BHI, San Adrian BHI, San Inazio BHI, Sagrado Corazón ikastetxea, Esclavas SC - Fátima ikastetxea, San Pedro Apóstol ikastetxea eta Deustuko Salesianos ikastetxea.

Bizilabe Bilbao

Bilboko Udalak eta Elhuyarrek aspaldi batu zituen indarrak, izan be, 2017. urtean Bizilabe Bilbao jarri eben martxan, gazteentzako STEAM arloetako ikerketarako eta aisialdirako Euskadiko lehenengo zentroa. Holan, Bilboko gazteek zientziareen eta teknologiaren aurrean eben interesa eta motibazinoa sustatu nahi ziran, bai eta gazte-gazteei inguruko lan-jarduerea erakutsi be.

Bizilabe Bilbao zentroa Bidarte eraikinean dago eta zientziari zein teknologiari lotutako jarduerak eskaintzen ditu (tailerrak, proiektuak, bisitak enpresetara...), bai eta 10 eta 17 urte arteko gazteentzako eskolaz kanpoko jarduerak be.

Egunotan, ikertzaile profesionalakaz egoteko aukerea izan dabe. Andonegik azaldu dauenaren arabera, azterlanetan argi geratu da gazteek benetako erreferentziak behar dituala eta Elhuyarren garrantzia nabarmendu dau, gazteak zientziaren eta teknologiaren benetako mundura hurreratzeko bitarteko eragile aditu lez. Horri jagokonez, ekimenean parte hartu daben ikerketako enpresei asko eskertzen deutse emondako laguntzea: Joana Hevia Anbiolabekoa (Aclima Clustereko kidea), Lore Zumerta BCAMekoa, Sandra Ahedo González-Zabaleta Eusko Trenbide Sarekoa, Ainhoa Ye Xu Formula Student eta Maite García Garay Bisky Team UPV/EHUkoak, Felipe Colsa Gestionetekoa, Jaione Lanborena Ihobekoa eta Maitane Alonso Monasterio, IAMekoa, Innovating Alimentary Machines.

Kontuak kontu, gaur bertan edegi dabe Bizilabe Bilbao 2021-2022 ikasturtean izena emoteko epea. Bagilaren 10ean, izena emon daben gazteen artean esleituko dira plazak eta, halan da be, plazak bete barik geratzen badira, nahi dabenek udan emon ahal izango dabe izena.

Bizilabe Bilbao proiektuak Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa be badau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu