Esku-hartzeei alkarregaz erantzuteko sasoia da

Bizkaie! 2021-05-17 11:02   Euskerea berbagai

Epaia politikoa da.

Gaur goizean Euskalgintzearen Kontseiluak agerraldi berezia egin dau Bilbon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko astean kaleratutako epaiari buruzko irakurketea egiteko. Agerraldian Kontseiluko idazkari nagusiaz gan, bilgunea osotzen daben hainbat eragileetako ordezkariak izan dira: AEK, Berria, Euskal Herriko Ikastolak, Elkar, Euskaltzaleen Topagunea, IKA, EMUN, EHE, Elhuyar, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, UEU, UEMA, Eusko Ikaskuntza, OEE...

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hiru idea nagusi zehaztu ditu: Aurreko astean egindako berehalako irakurketan azaldu bezela, erabagia politikoa da: Magistratuek epaia idatzi eta ondoren, saiatu dira epai hori justifiketan, horretarako ondoko estrategiak erabiliz: jurisprudentzia barria baztertu dabe, hizkuntza-eskakizunen prozedureari ez deutse jaramonik egin. Kontseiluko idazkari nagusiak epaiak legea bera urratzen dauela adierazo dau: Ondo legoke Udalak magistratuei betearazpen intzidentea eskatzea, epaia legea urratu barik zelan aplikau behar dauen jakiteko.

Bigarrenik, Kontseiluko idazkari nagusiak esan dau epaia ez dala jazoera isolatua, azken urteetan epaitegietatik datorren jokera baten beste katebegi bat baino. Bilbaoren eretxiz, ikusten gagoz epaitegi eta auzitegietatik behin eta barriro datozela euskaldunon eskubideen urraketak ahalbidetuko dituen epaiak, besteak beste, Nafarroako Justizia Auzitegitik zein Auzitegi Gorenetik. Hari horri jarraituz, Bilbaok hizkuntza gitxituen alde lan egiten daben eragileen hausnarketea konpartidu dau: Egun indarrean dagoan legeriaren aukerak epaien bidez zarratzen dabiz auzitegietan, hau dana, auzitegiak hizkuntza-politiketan eragile aktibo bihurtu dira, legeak egiten ez dauena jurisprudentziaren bidez eregiten dabiz.

Hirugarrenik, Bilbaok batasunerako deia egin dau. Kontseiluko eledunaren ustez, holako epaiak hizkuntzearen berreskurapen-prozesuan traba besterik ez dira eta horrexegaitik, batasunaren bidetik erantzun behar deutsagu, ez da bidezkoa euskeraz biziteko komunidadeak egin duen eta egiten dagoan ahalegina auzitegiek hankaz gora bota nahi izatea; ez da, ez bidezkoa, ez eta zilegia be. Batasunetik gure hizkuntzearen normalizazino-prozesuan galgea besterik ez diran jarrera eta jokera horreekaz amaitu behar dala ozen esan behar dogula adierazo dau: Momentua da danok batera erantzuteko, adierazo dau Bilbaok.

Amaitzeko, idazkari nagusiak aurreratu ditu Kontseiluak emongo dituan pausuak: Irungo Udalagaz harru-emonetan jarri dala azaldu dau: Helegitea jarteko erabagiari babesa emoteaz gan, laguntzailekide lez jarduteko prestutasuna agertu deutsagu. Bigarrenik, eguen arratsalderako eragile sindikalak eta politikoak bilera batera deituko dituala aurreratu dau, Kontseiluaren irakurketea konpartidu eta euren eretxiak jasoteko.

Elkarretaratzea zapatuan

Egueneko bileran Kontseiluak zapatrako deitu dauen konzentrazinoaren barri helarazoko deutse eragile politiko eta sindikalei, bai eta parte hartzeko gonbita egin be. Holan adierazo dau Bilbaok: Zapatu eguerdian, Kontseiluko bazkideakaz eta beste hainbat eragilegaz batera, holako esku-hartzeei desadostasuna agertuko deutsegu Bilbon EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egingo dogun konzentrazinoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu