'Bizi bihotzak eskatzen deutsun modura'

Bizkaie! 2021-05-17 09:31   Pil-pilean

Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna da gaur.

Bizkaiko Foru Aldundiak bat egin dau Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazinoarteko Egunagaz, Bizi bihotzak eskatzen deutsun modura lemapean. Gaur, maiatzaren 17a, da egun hori, Osasunaren Munduko Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an erabagi ebalako homosexualidadea buruko nahasmenduen zerrendatik kentzea. Foru Aldundiak ez eze, bertoko eta mundu zabaleko erakunde eta alkarte ugarik egin dabe bat, esate baterako, Bilboko Udalak LGTBIfobiari ezetz esateko deia egin dau.

Aurreretxien eta ezjakintasunaren ondorio dan diskriminazino hori bardintasun-printzipioaren kontra doala azpimarratu dau Foru Aldundiak. Horregaitik bete-betean gaitzesten doguz LGBTIfobia erakustaldi guztiak. Bizkaitar guztiei dei egin deutse LGTBI kolektiboaren eskubideak jagotera.

Erasoak eta diskriminazinoa salatzetik harutzago be joan nahi dau Foru Aldundiak, eta LGTBI kolektiboari jagokozan eskubide guztiak babesteko konpromisoa hartu dau. Behar diran neurriak hartuko dira, aurrera egiten jarraitzeko, bardintasun formalaren autortzan ez eze, baita bardintasun erreal eta efektiboaren sustapenean be.

Oraintsu aurkeztutako Dibersidade eta Inklusinorako 2021-2023 Planaren bidez, hain zuzen, aurrerapausoa egin nahi dau Foru Aldundiak politika publiko inklusiboagoen eraikuntzan. Diskriminazino guztien kontrako burrukea, eta batez be sexu-orientazinoa eta genero-identidadeagaitik egiten dan diskriminazinoaren kontrakoa, izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren politiken helburuetako bat, gizarte kohesionaduagoa, bardinzaleagoa eta justuagoa lortzeko bitarteko lez.

Bilboko Udalak be adierazpena plazaratu dau LGTBIfobiaren kontrako Nazinoarteko Egunean. Bertan ohartarazo dauenez, Covid-19a eragin sakona izaten dabil kolektibo horretan, eta sexu aniztasunaren kontrako erasoak ez dira geratu. Gaur egun beharrezkoa da gure gizartean indarrean dagozan diskriminazinoen kontrako burrukea sendotzea. Gizarte osoaren erantzukizuna da, dino Bilboko idazkiak. 

Gaur egun, munduko 69 herrialdetan debekatuta eta zigortuta dagoz sexu bereko helduen arteko sexu-ekintzak, ILGA erakundearen arabera (Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexen Nazinoarteko Alkartea da hori). 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu