'Bagara/Somos' LGTBIfobiaren kontra

Bizkaie! 2021-05-11 10:23   Pil-pilean

Maiatzak 17: Homofobia, Lesbofobia, Transfobia, Bifobia eta Intersexfobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna.

Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren kontrako Nazinoarteko Egunean, Udalak Bagara/Somos kanpaina instituzionala jarri dau martxan, LGTBIQ+ personen kontrako edozein bereizkeria-mueta baztertzeko.

Bilboko Udalak persona guztiek dituen eskubide sozialen inguruan sensibilizetan jarraitzen dau: LGTBI eskubideak. Tresna eraginkorrak politika publikoetan goiburuari eutsiz, mintegi telematiko bat atondu dau maiatzaren 17an, 12:30ean, egun hori baita Homofobia, Lesbofobia, Transfobia, Bifobia eta Intersexfobiaren kontrako Nazinoarteko Eguna.

Kontuak kontu, LGTBI eskubideak. Tresna eraginkorrak politika publikoetan izeneko mintegi telematiko baten bidez eta komunikazio-kanpaina baten bidez, bai euskarri fisikoetan, bai uri-altzarietan, bai formatu digitalean, www.bilbao.eus-en webgunean eta sare sozialen udal-kontuetan be, Udalak sexu eta genero aniztasuna aldarrikatu eta erabat gaitzesten dau LGTBIfobia: Nahiz eta LGTBIfobia edozein momentutan edozein eta sozializazino-espaziotan ugaltzen dan, jazoera horrek oso nabarmen marketan ditu kolektibo horreetako personen eguneroko bizitzako alderdi guztiak, oso garrantzitsua begitantzen jaku herritarrak eduketan eta horren kontra egiteko beharraz kontzientzietan jarraitzea, adierazo dau Nekane Alonso Bardintasun Saileko zinegotziak.

Horrezaz gan, beharrezkotzat joten da LGTBIQ+ personek sufriduten daben estigmeari eta diskriminazinoari buruzko isiltasuna hausten dauen gizarte bat eregitea, horregatik, bardintasuna, LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgaitasuna eta sexu-orientazinoko eta genero-adierazpeneko arrazoiakaitiko edozein bereizkeria, gorroto edo indarkeria desagerraraoztea sustatzen daben sensibilizazino-ekimenak babesteko bidean jarraitzen dogu, adierazo dabe Bardintasun Saileko arduradunek.

Nekane Alonsoren eretxiz, garrantzitsua da gizarteak, erakundeek, alkarteek eta, jakina, norbanakoek ahalegina egitea LGTBIfobia ezabatzeko. Horregaitik guztiagaitik, Bizkaiko uriburuko Udalak dei egiten dau LGTBIfobia salatzeko konpromiso aktiboa, banakakoa eta kolektiboa hartzeko.

Web-Mintegia

Bilboko Udalak, giza eskubideak eraginkortasunez lortzeko, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak babesteko eta errespetetako konpromisoa hartu dau, benetako bardintasuna lortzeko. Gai hori mintegi telematiko batean jorratuko da, datorren astelehenean, maiatzaren 17an, 12:30ean. LGTBI eskubideak. Tresna eraginkorrak politika publikoetan titulupean, web-mintegi honen helburua da LGTBIfobia gizartean zergaitik eta zelan sortzen dan identifiketea, LGTBIQ+ personen eskubideak sustatzeko eta babesteko politika publiko berariazkoak ezarriz horri aurre egin ahal izateko.

LGTBIQ+ politiketako aditu bik hartuko dabe parte: alde batetik, Lucas Platero, Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea, gizarte-psikologiako irakaslea da URJCn eta editorea da Ediciones Bellaterran; eta, bestetik, Miguel Missé, sexu eta genero-aniztasunaren aldeko politika publikoen arloko aholkularia eta prestatzailea.

Sexu eta genero-aniztasunaren aldeko apustua Udalarentzat estrategikoak diran proiektu biren barruan sartzen da: Bilbao Balioen Uria eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak. Horreen bidez, balioak garapen-eragile dituan uri bat eregiten da.

Informazinoa

Eguna: 2021eko maiatzaren 17a, astelehena.
Ordutegia: 12:30etik 14:30era.
Izena emon hemen

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu