Amak taldeak 'Amak' diskoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2021-05-14 12:20   Musikea

Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano bueltan datoz.



Amak
taldearen izen bereko diskoa Hernanin grabau dabe 2021eko martia eta apirilean. Xabi Solano Maizak bere estudioan egin ditu grabaketa eta produkzino lanak; Aitor Saizar izan dau laguntzaile eta masterizazinoa Jonan Ordorikak biribildu dau Mamia estudioan. Laguntzaile asko izan ditu Amak taldeak, besteak beste, Arkaitz Miner (mandolina, gitarra akustikoa, biolea, tiplea eta bibolina Gona gorria, Erabil nazazu, Amorrua eta Atsolorra abestietan), Txus Aranburu (teklatuak Bai, ama eta Gona gorria abestietan), Zigor Dz (samplerra Gona gorria eta Atsolorra abestietan), Arkaitz Bastarrika (baxua abesti guztietan).

Letretan Onintza Enbeita (Atsolorra eta Amorra zaitez), Karmele Jaio (Zure izena eta Bai, ama), Olaran Alkartea (Egiaren arnasa). Diseinuak Arkaitz Sukuntzak eta Julen Aiestaranek egin ditue. Ilustrazinoa Goretti Aranbururena da eta argazkiak Arri studioari jagokoz.

Amak taldeak argitaratutako lehen diskoak soinua dau ardatz gehi euskal folkaren eta ahots polifonikoen melodietarako zaletasuna. Taldeak bere zeregina triki-pop izenez ezagutu zan inguruak atzean itxi ditu  musika ibilbide barriari esker. Lau amen lau trikitiri lau panderoakaz batera lau ahotsen olgetakaz eregitako kantu-kontuak dira, abesti sentiberatsu eta amaren maitasun zama zabalduz.

Kalejirak, arin-arinak, balsak, baladak, trikitixak eta zortzikoak girotzen dabe diskoa. Honi guztiari, eskarmentu handiko hainbat folk musikarien ekarpenak batuko dira. Euskal iparraldean polifoniarako daben zaletasuna be badau Amak laukoak. Melodien gainean bigarren eta hirugarren ahotsak egiteko erraztasuna dabe. Testuei erreparauta, hausnarketarako gogoeta asko aldarrikatu nahi ditu. Baina guztien gainetik emakumearen eta amatasunaren idea dago. Letren azterketea egin ondoren, Simone de Beauvoir pentsalari eta idazleak aldarrikatutako emakumearen eraikuntza kulturala bat etorri daiteke Amak taldeak idatzitakoagaz.

Entzun disko barriko Gona gorria kantua.

Kontuak kontu, Amak taldeak bihar, maiatzak 15, Bergaran eskainiko dau kontzertua eta aurrerago, bagilean etorriko dira zuzeneko gehiago; oraingoz, Bizkaiko hitzorduak hiru izango dira: Ermuan, garagarrilaren 17an, Larrabetzun, abuztuaren 14an eta Bilbon, zemendiaren 27an. 

Amak (Gipuzkoa, 2019)

Lehenengo pausuak Oñatiko Trikiti Jaialdian emon zituen; lau amek, banaka, jaso eben jaialdi antolatzaileen gonbidapena 2018an. Onartu egin eben erronkea eta lau pieza sortzeko batu ziran. Txinpartea sugar bihurtu eta lau amek, gerora, Amak taldea sortu eta pozarren ibili ziran herririk herri kontzertuak emoten.

Lau emakume, lau ama, lau trikiti, lau pandero eta lau ahotsen proposamenak bete-betean asmau dau agertokietarako buelteari modu erraz eta erakargarrian egiteko hitzordua. Konplikazino, zailtasun eta arazoen gainetik salto alaia egiteko gogoa baino ez dabe buruan. Lasaia eta jostalaria da Amak taldearen bizi-filosofia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu