Aiako Harria, 300 miloe urteko opari ikusgarria
2021-05-14 12:18 Ibilian-ibilianErroilbide da tontor altuena; Irumugarrieta eta Txurrumurru kostatik hurrago dagoz.
Granitoaren lurraldea. Euskal Herriko mendikaterik antxinakoenetako bat, eta askoren ustez, antxinakoena. Hiru eskualdegaz mugea egiteaz gan, autonomia erkidego bi banatzen ditu, Oiartzun, Irun eta Lesaka ditualako abiapuntu eta jomuga. Hiru tontor nagusiz osotutako mendikatea da, Irumugarrieta (806 m), Txurrumurru (821 m) eta Erroilbide (837 m) hartzen ditu bere barruan; azken hau da garaiena eta beste biak itsasotik hurrago dagoz.
Aukerak ugariak dira inguru parebako honetan, oinezean ibilteko, hormetan gora eskaletako eta bizikletan zeharkatzeko modu asko eta ezbardinak dagozalako eskura. Familian joan ezkero, barriz, aukera ederra da Arritxulo aterpetxean lo egitea edo bertan bazkaltzea. Leku ederra da, Lesakara bidean mugan dagoana eta aparketako gunea dau bertan. Aurrez aurre Oiartzungo eskalada eskoletako bat dago eta Aiako Harrietan barrena murgiltzeko sarreretako bat be bai.
Hiru tontorrak zeharkatzeko helburua izan ezkero, bide bi doguz azpimarragarrienak, horreetako bat Aritxulegiko mendatetik. Hemendik abiatu ezkero, delikadua dan pasito batetik gorantz egingo geunke, hau da, igon egingo genduke bertatik, eta zalantza barik aukerarik onena dala esango neuke, batez be, jente asko dagoan egun bat bada edo pixka bat bustita edo heze baldin badago.
Beste aukerea, ostera, Elurretxeko aparkalekutik hastea da. Handik hiru mendiak egin nahi izan ezkero, anillen pasito lez ezaguna dan hori jatsi egingo geunke. Ez da igarobide gatxa, II. gradukoa, baina ez neuke esango kontuan hartzekoa ez danik be, batez be ohituta ez bazagoze, arreta eta kontu handia eskatzen dauelako jaisterako orduan. Eguraldi txarragaz batzuetan hobe da ez pasetea edo kontu handia izatea, oso labankorra dalako bustita dagoanean. Beraz, nire ustez, hobe da Aritxulegitik abiatzea tontor guztiak egin nahi badoguz; gailur bat egin nahi bada, ostera, bietatik ondo da.
Jai egunetan eta eguraldi oneko egunetan, bai aparkaleku batean bai bestean auto nahiko pilotzen dira, beraz, goizago joatea komenidu da lekua hartzeko, edo bestela arratsaldean, jentea bazkaltzera doanean. Gero, han inguruko zelaiak ederrak dira, zeozer jan edo umeakaz olgau nahi izan ezkero, baita granitozko bide batzuk eskaletako aprobetxau nahi badogu be.
Ez dira ba opari asko egongo inguru hau baizen ederrak diranak, hiru paraje ezbardin doguzalako begien aurrean geure gozamenerako. Batetik, Nafarroaren berde kolorearen eta Endarako laku ederraren arteko kontrastea; bestetik euskal iparraldearen kostalde berezia, eta, azkenik, Donostia bete-betean, bere edertasun mugagabeagaz. Gozau daigun, ba, horren maite dogun uztartze ikusgarri horretaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!