'Epaia juridikoa baino, politikoa dala berretsi gura dogu'
2021-05-14 09:24 Euskerea berbagaiEskubideen urraketea betikotu leiken esku-hartzea, Irunen.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingo zerbitzurako 12 lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera ixteko epaia argitaratu dau, derrigorrezko hizkuntza eskakizunaren kontrako helegitea jaso ondoren, euskerea ez dakitenentzako diskriminatzailea dala argudiatuta. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzearen Kontseiluak gogor salatu dabe epaia.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak ezagutarazo barri dan epaiak Irungo herritarren hizkuntza-eskubideei eraso zuzena egiten deutsela azaldu dau: Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko badira, horretarako langile gaituak behar dira, eta langile elebidunak dira herritar guztiei zerbitzua emoteko onenak.
Horregaz batera, Gaubekak lan-deialdi zehatz honen berezitasunak azpimarratu nahi izan ditu: Hainbatetan salatu dogun lez, udaltzaingoak oinarrizko eta herritarren hurreko zerbitzua emoten dauela kontuan hartuta, lanpostu horreei hizkuntza-eskakizuna kentzeak erabat baldintzatzen dau herritarrek udaltzaingoagaz hartu-emonak euskeraz izateko daben eskubidea. Horren lekuko dira Behatokian jasotako herritarren bizipenak, udaltzainakazko hartu-emonetan euskerearen ezagutza nahikoa ez izateak albo-kalteak edo babesbakotasuna eragiten ddeutseen, herritarren segurtasuna bera be kaltetuz eta baldintzatuz.
Behatokiko bozeroaileak gogoratu dau, legeak ezarritakoaren arabera, herritarrek zerbitzua euskeraz jasoteko eskubidea dabela: Eskubide hori egikaritzeko tresnak deuseztatu edo bestelako interesen azpian jarten baditue, ezinezkoa izango da herritarrek edozein momentutan, bardintasunean, berezko hizkuntzea erabili ahal izatea edo zerbitzua hizkuntza honetan jaso ahal izatea.
Behatokiko zuzendariaren arabera, herritarren eskubideak, ongizatea eta zerbitzuaren kalidadea bermatzeko ezinbesteko eskakizuna da euskeraz zerbitzua eskaini ahal izatea eta epai honek euskeraz ez dakitenek administrazino publikora sartu nahi izatea horren guztiaren gainetik jarten dau. Duda barik, EAEko herritarrek jasoten dituen zerbitzu publikoak kaltetzea eragin leike aurrekari honek.
Bestalde, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren eretxiz, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia esku-hartze larria da: Beste behin be, gogorarazo nahi dabe hizkuntza-politikearen eremuan zeinek dauen azken berbea eta, ondorioz, neurri eragingarriak hartzen diranean, azken erabagia zeinek dauen gogora ekarri nahi izan dabe. Horrexegaitik, epaia juridikoa baino, politikoa dala berretsi gura dogu. Bilbaoren arabera, epaiak badau intenzionalidade politiko zehatza: Euskerearen normalizazinoa galgatzeaz gan, euskerea bigarren mailako hizkuntzea eta, ondorioz, euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtzeko asmoa erakusten dau. Elebakarren pribilegioak balizko eskubide bihurtu nahi ditu, horrek guztiak herritarren eskubideak betikotuko baditu be.
Bestalde, epai honek izan leikezan ondorioak ondo aztertu behar dirala ohartarazo dau Kontseiluko idazkari nagusiak: Epaia sakon aztertu nahi dogu, izan be, eragina izan leike etorkizuneko lan deialdietan eta kontuan hartuta herritarrakaz hartu-emon zuzenak dituen udaltzainei euskerea ezagutzeko eskakizuna kentzeko eskatzen dauela, ondorio arriskutsuak izan leikez. Bilbaok adierazo dau Kontseilua euskaldunon hizkuntza-eskubideen kontrako eraso honi zelan erantzun aztertzen dagoala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!