Kresal usain eta emakume begiradadun liburua dakar Miren Agur Meabek
2021-05-14 09:23 KultureaMikel Zarate sariari esker argitaratu dau Itsasoaren atea.
Erromantizismoaren girora jo dau Miren Agur Meabek bere nobela barrian, baina ez maitasunari lotutako erromantizismoaren bila, XIX. mendean loratu zan korronte literarioaren bila baino. 13 urteko neskato bat protagonista dauen kontakizuna idatzi dau, irakurle gaztetxuentzat aproposa, baina helduak be gogoan. Elkar argitaletxeak atera dau Itsasoaren atea, eta, Meaberen testuak ez eze, Maite Gurrutxagaren marrazkiak be badakarz.
Ama hil eta gero, aitak itsasontzi baten bialduko dau 13 urteko Elora, Ubarroien ugartera, amamaren etxera. 1870. urtea da. Han ezagutuko dau Elorak Ariane, bera baino ume gazteagoa, eta beste inork ikusten ez dituen jazoerak iragarteko kapaz dirala konturatuko dira. Aspaldiko kondaira baten misterioa argitzen lagunduko deutse gaitasun horrek.
Abenturaz, misterioz eta magiaz betetako istorioak aurrera egin ahala, Elorak personaia gehiago ezagutuko ditu, adibidez, Graxi Aire eta Erik Garat. Industriaren aurreko giroan, errealidadea eta elementu fantastikoak buztartuta, kokatu dau istorioa Meabek, Erromantizismoko ikutuaren bila. Gaur egun umeen literaturan nagusi dan ikuspegi garaikidearen ondoan, irakurle gazteek halako kontakizunak be eskatzen dituela dino idazle lekeitiarrak.
Erritmo lasaidun narrazino honetan, agirikoa da emakumeen zentraltasuna. Esan leiteke emakumeen begiradearen bila idatzitako liburua dala. Era berean, kresal usaineko nobelea da, itsasoa eten barik agertzen dan elementua dan ezkero. Meabek letraz sortutako giro horren osogarri, Maite Gurrutxagak zuri-baltzezko ilustrazinoak egin ditu.
Itsasoaren atea Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen daben sariketako irabazle izan zan, eta horren bultzadaz ikusi dau argia orain.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!