Velázquez, Grekoa eta Goya konbidau ditue Bilboko Arte Eder Museora

Bizkaie! 2021-05-14 08:28   Kulturea

Carmen Marañón-Fernández de Araozen bildumako hiru koadro dira.

Espainiako pinturearen hiru maisu handiren obra bana ikusi ahal izango dira hurrengo hileetan Bilboko Arte Eder Museoan, Obra Konbidadua programearen 64. edizinoan. Carmen Marañón-Fernández de Araozen bilduma partikular zabaleko hiru pieza baliotsu dira, Velázquezek, Grekoak eta Goyak eginak. 

Artearen historiako hiru sasoi eta hiru estilo agertzen ditue koadroek, Miguel Zugaza museoko zuzendariak azaldu dauenez: pintura erlijiosoa, erretratua eta pintura kostunbristea. 

San Frantzisko estasian XVI. eta XVII. mendeen artean Grekoak egindako koadroa da, kontraerreforman ohikoak ziran balio batzuk azaltzeko, adibidez, penitentziaren eta otoitzaren bidez lortutako salbazinoa. San Frantziskoren estigmatizazinoaren aurreko momentu intimoa agertzen dau koadroak.

Urte batzuk geroagokoa, 1620koa, da Velazquezek egindako Jerónima de la Fuenteren erretratua. Artistearen katalogoan ez dago emakumeen erretratu askorik, baina Jerónima de la Fuente monjea hiru bidar agiri da bere koadroetan. Errukiaren, isiltasunaren eta eskuzabaltasunaren sinbolotzat aurkezten dau Velazquezek de la Fuente.

Hiru koadroetan barriena XIX. mendearen hasierakoa da, Francisco de Goyaren Tormesko itsumutila. Personaia horren istorioaren pasarte ezagun bat marraztu eban Goyak, itsuak itsumutilaren arnasea aztertzen dauenekoa, txarrikirik ostu ete deutsan jakiteko. 

1920ko hamarkadan Filosofia eta Letrak ikasten hasi zan Carmen Marañón-Fernández de Araoz, eta han ezagututako giroan oinarrituta hasi zan artearen bildumagintzan. Familiatik be bajatorkon sorkuntza eta arterako grinea. Gregorio Marañón mediku ospetsuaren alabea zan. 

Marañón-Fernández de Araozen ondorengoek erabagi dabe bildumea jentaurrean erakustea, eta hortik dator Arte Eder Museoagaz hasitako alkarlana. Hiru koadroak Museoaren Alfabetoa erakusketako M aretoan ipini ditue, Ignacio Zuloagak egindako Carmen Marañónen erretratuaren alboan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu